Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Irabazleak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Garai harrigarri hauetan zaila da garaipena norena den finkatzea. Ziurgabetasuna bazter guztietan antzematen dugun egoera honetan, beldurra eta mesfidantza nagusitu dira.

Lehia guztietan irabazleak eta galtzaileak izan ohi dira. Normalean garailea, bere indarra, ideiak, baloreak edo baldintzak ezartzeko gai dena izan dela esaten dugu. Gehienetan ez dugu zalantzarik izaten garaipena norena den finkatzerako orduan. Baina garai harrigarri hauetan, guztia ahul, galkor eta balio gutxikoa den denbora hauetan, egia zer den ziurtatzea ezinezkoa bihurtu zaigu.

Ziurgabetasuna bazter guztietan antzematen dugun egoera honetan, beldurra eta mesfidantza nagusitu dira. Aspaldikoak, zaharkituak, benetan zaharrak diren aldarrikapenak arazo guztien konponbide gisa saldu nahi dizkigute. Gero eta indar handiagoa dute giza harremanen hastapenetara eraman nahi gaituzten taldeek eta alderdiek. Mehatxuak benetakoak direla sinestarazi nahi digute, eta neurriak eta erabakiak hartzen ez baditugu kanpotik datozkigun horiek mendean hartuko gaituztela esan.

Erakunde berriak sortu dira eta antzinakoak berpiztu eta suspertu. Oker gabiltzala esaten digute, boterea herriari itzuli behar zaiola eta hori beraiek bakarrik egin dezaketela. Hauetariko batzuek ongizate gizartearen mugak neurri gabe zabaltzea agintzen digute, oztoporik eta baldintzarik gabeko demokrazia eskaini, benetako paradisua lurrean; Beste batzuek, berriz, beti izan omen garen horretara itzultzea eskatzen digute, gure sustraietara. Gure artekoa indartu behar omen dugu etsaien kontra eta arerioen aurka. Orain dela gutxi arte Europan gizartearen ertzetan zeudenek erdia hartu dute, lotsagarriak iruditzen zitzaizkigun pentsaerak zilegi bihurtu dira, eta gero eta gehiago dira kalean harro goraipatzen dituztenak…

Erresuma Batuan "Brexit"a nagusitu da, gehiengoak aurka zirudienean, Hungarian eta Polonian ideia atzerakoienak gizartean eta erakundeetan nagusitu dira. Frantzian, Alemanian eta Herbehereetan eskuin muturreko alderdien programek gobernura iristeko aukera duten alderdien aldarrikapenak kutsatu dituzte… Politikoek, agintera iristen direnean bi aukeren arteko hautua egin behar dute: ustez gehiengoak nahi eta eskatzen duenari erantzun ala gizarte osoarentzat beraien iritziz egokiena dena bideratu. Liderren maila egoera horietan neurtzen omen da, baina itxuraz gaur egungo irabazleak ez dira benetako garaileak.