Itxi

Juanjo Sanmiguel

Análisis

Egia eta gezurra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Egiak mila aurpegi ditu eta guztiak gezurra dira.

Errealitate ahul eta likidoan bizi omen gara, ezer ez da sendoa, guztia egonkortasunik gabea da, behin-behinekoa. Garai batean, garai hobeak omen ziren haietan guztia indartsuagoa zen, errotuagoa, iraunkorra, konfiantzaren sortzailea. Agian egoera horrelakoa delako, gaur egun ez omen dago egiarik, norberaren sinismenak, emozioak edo inpresioak egiaztatutako ekintzek, erabakiek edo gertakizunek baino gehiago balio dute. Egiaren ondorengo, egiaren osteko garaietan bizi ei gara.

Erresuma Batua Europar Batasunetik atera ondoren, berriro izango da garai bateko herrialde indartsua, munduak zor dion begirunea berreskuratuko du, ekonomia suspertu egingo da, eta hemen sortutako lanpostuak hemengoentzat izango dira; Britainia Handia Europar Batasunetik irtenez gero, gaur egun Europan duen babesa eta merkatua galduko ditu, enpresa askok alde egingo du, inbertsioak urritu egingo dira eta City-a Alemaniara joan liteke, ekonomiaren jarduera moteldu egingo da eta Erresuma Batua herrialde ahulagoa izango da.

Kolonbiako gobernuak FARC gerrillari taldearekin lortutako bake akordioak 60 urteko gatazkari amaiera emango dio, indarkeria eta beldur giroa gaindituko ditugu, gerrillariak gizarteratuko ditugu eta herritarrek askatasun handiagoa izango dute, estatua indartu eta demokrazia zabaldu egin dugu; FARCekiko  akordioa amore emate lotsagarria izan da, estatua hiltzaileen aurrean belauniko jarri da, kriminalak eta narkotrafikatzaileak inongo zigorrik gabe libre geratuko dira, biktimei irain barka ezina egin zaie.

Palestinarrekiko harremanetan gurekiko errespetua eta guztiontzako segurtasuna nahi ditugu. Gu demokrazia sendoa gara eta guztientzako demokrazia nahi dugu. Nazioarteko arauak betetzen ditugu eta eskatzen dugun bakarra da estatu juduak etorkizuna izan dezala, askea izan dadila, inori eraso egin gabe eta inoren erasorik jaso gabe; Israelek nazioarteko arauak eta Nazio Batuen erabakiak ez ditu betetzen, gure lurrak okupatu ditu, ura eta ditugun ondasun urriak lapurtzen dizkigu.Zapalkuntza eta indarra dira beraien adierazpen bakarrak,ez digute estatu bat sortzen uzten eta gure segurtasun faltan oinarritzen dute euren segurtasuna.

Europan izandako lan erreformei esker milaka eta milaka lanpostu sortu dira, lana egiteko aukerarik gabe zegoen jende asko lan merkatura sartu ahal izan dugu. Lanpostuak ez dira agian orain dela urte batzuk genituenak bezain onak, baina jende askori aukera emango diote miseria eta bazterketa ekiditeko; Lan erreformak eskuak aske utzi dizkie enpresariei nahi dutena egiteko, langileen lan baldintzak gero eta okerragoak dira, urtetako lorpenak galzorian dira eta gero eta gehiago dira lana izan arren pobrezia egoera gainditu ezin duten langileak.

Egiak mila aurpegi ditu eta guztiak gezurra dira.