Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Le Penek ere ez daki zer den botere banaketa

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Marine Le Pen ikerketapean dago hainbat irregulartasun egiteagatik. Iragarri duenez, presidente aukeratzen badute, epaileen aurka egingo du.

Frantziako Fronte Nazionala ikertzen ari dira bere hauteskunde-kanpainen finantziazioan eta Europako Parlamentuan dituen aholkularien kontratazioan irregulartasunak egin dituelakoan. Auzi honek zuzen-zuzenean du eragina Marine Le Pen alderdiko buruarengan; datorren apirileko Presidentetza hauteskundeen lehen itzulia irabazteko faboritoa da bera.

Le Pen ez da gisa honetako arazoak dituen politikari frantziar bakarra.  Errepublikanoen hautagaia, Francois Fillon, susmopean dago ustelkeriagatik, eta horrek kalte handia egin dio bere kanpainari. Sarkozy presidente ohia ere ikertzen ari dira, bere hauteskunde-kanpainetan irregulartasunak egin zituelakoan. Bai Fillonek baita Sarkozyk ere esan dute, aho txikiarekin bada ere, epaileak errespetatzen dituztela. Marine Le Penek hori ere ez. Fronte Nazionaleko buruak iragarri duenez, presidente aukeratzen badute, neurriak hartuko ditu bera ikertzen ari diren epaileen aurka. Eta are gehiago esan du: paileek ezin dutela herriaren borondatearen aurka jo".

'Brexit'aren aldekoek "herriaren etsai"tzat jo zituzten Parlamentuari galdera egin behar zitzaiola ebatzi zuten epaileak. Trumpek kazetariak jo ditu herriaren etsaitzat. Garbi dago populistek, demagogoek eta ultranazionalistek ez dutela ulertzen zertan datzan demokraziaren oinarrizko printzipioa: botere banaketa.