Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Fillonen arduragabekeria

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Errepublikanoak alderdiko hautagaia ofizialki inputatu dute, baina ez da erretiratu. Suizidioa dirudi, baina kasualitatez, irabaziko balu, hilketa litzateke. Demokrazia hiltzea.

Errepublikanoak alderdi eskuindarrarekin Frantzian gertatzen ari dena sinestezina da. Emazte eta seme-alabei emandako gezurrezko enpleguen bitartez ia milioi euro jasotzea egotzi diote François Fillon hautagaiari. Dirua jasotzen zuten, bai, baina lanik egin ez.

Fillonek hauteskunde kanpaina utzita behar zuen aspalditik, baina tematuta dago aurrera egiten eta Presidentetza hauteskundeetan hautagai izaten. Suizidioa dirudi, irabazteko apenas baitu aukerarik. Baina, kasualitatez irabaziko balu, hilketa litzateke. Demokrazia bera hiltzea. Irudika dezagun egoera: Fillonek bigarren itzulian sartzea lortu du, eta frantziarrek bera eta Marine Le Pen ultraeskuindarraren artean erabaki behar dute. Ustela dela badakiten arren, Frantziar askok Fillonen alde egingo dute, Le Pen presidente izan ez dadin. Fillon Eliseora iritsita, immunitatea eskuratu du. Alegia, ezingo dute epaitu karguan dirauen bost urtetan. Baina bere emaztea, immunitaterik ez duenez, bai: hura epaitu eta zigor dezakete. Une horretan mundu guztiak badaki Fillon erruduna dena baina Presidentetza jarraitzen du. Esango didazue zein demokrazia den horri eusteko gai!