Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Hautemandakoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ingurura begiratuz gero, eta batez ere besteen iritziak aditzen baditugu, berehala ohartuko gara ustez gertatzen den hori oso anitza dela.

Ingurura begiratuz gero, eta batez ere besteen iritziak aditzen baditugu, berehala ohartuko gara ustez gertatzen den hori oso anitza dela. Sarritan aldamenean dugunak erabat arrotza zaigun irizpidea du egunerokoan eta jakinak beharko luketen auziei buruz. Komunikabideen kasuan aldea handiagoa da, ez gertakizunei buruzko ikuspegi ezberdina azaltzen dutela, errealitatea, kontatu eta erakutsi nahi duten horretara egokitzen dutela baizik, askotan errotik aldatuta gertatu dena edo baten batek adierazi duena.

Europar Batasunarentzat 2017a erabakigarria izango ei da, garrantzi handiko hiru herrialdetan hauteskundeak dituztelako, eta lehia horietan erabaki litekeelako Elkartearen etorkizuna. Egiturak sendotu eta berrantolatzeko gai izan, ala desegin nahi duten indar eskuindarren mende erori omen dira aukera bakarrak. Lehen hauteskundeak izan dira, eta ez dakigu benetan zer gertatu den. Eskuin muturreko alderdi hori protagonista nagusia izan da, minutuero izan dugu komunikabide, elkarrizketa eta eztabaida guztietan, bost aulki irabazi ditu parlamentuan eta bere mezua eta asmoak lau haizetara zabaldu ditugu. Orain arte lehen ministro zena Rutte liberala izan omen da irabazlea, baina bere alderdiak zortzi aulki galdu ditu, eta bere gobernu kide zen Alderdi Sozialdemokratak 38 parlamentari zeuzkan ,eta hauteskunde hauetan 9 besterik ez ditu lortu.

Egun hauetan Turkiako agintariak, eguna joan eta eguna etorri, Herbehereak, Alemania eta Europar Batasunaren aurka oso gogor hitz egiten ari dira, egia, gezurra eta asmakizuna nahastu dute behin eta berriz, faxistak eta naziak izatea leporatu diete agintariei, Herbehereei Srebrenican 8.000 musulman hotz-hotzean hil izana eta Europari Islamaren aurkako beste gurutzada bati ekin izana, Luxenburgoko Justizia Auzitegiak erabaki duelako egoera batzuetan zilegi dela beloa eta erlijio adierazleak lan lekuan debekatzea.

Turkiak, eta batez ere Erdogan presidenteak galbahe fina erabili du besteen portaera epaitzeko, beraiek 100.000 funtzionario lanetik bota, milaka militar buru, fiskal eta epaile atxilotu, ehunka herri kurdu desegin eta 3.000 pertsona hil ondoren. Datorren hilean turkiarrek onartu nahi duten konstituzioak, berriz, ia mugarik eta kontrol demokratikorik gabeko boterea emango dio presidenteari.

Herbehereetan eskuin muturraren aldarrikapenak, etorkinen eta ezberdinen aurkako jarrera gogorrenak, inguruan apenas etorkinik eta atzerritarrik ez dituzten boto-emaileek dituzte. Turkian, uztailean estatu kolpe ahalegina izan zenetik Tayip Erdoganek demokraziaren oinarrizko arauak urratu ditu, giza eskubideak zapaldu eta nazioarteko legea eta harreman arauei barre egin die, baina beste guztiei leporatu die ez bakarrik demokratak ez izatea, faxistak eta naziak deitu die. Urtero gizakiok 80 miloi marrazo hiltzen ditugu, urtero marrazoek pertsonei egindako erasoak 6-8 izan ohi dira, hala ere, marrazoa da gehienentzako itsasoan dugun arrisku eta etsai nagusia.