Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Bat eta bakarra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gizakiak nekazaritza garatu eta lehen hiriak eraiki zituen lurretan, herri batek erabaki zuen jainkoa bat eta bakarra zela, besteak asmatutakoak zirenez erabat faltsuak zirelako.

Gizakiok bi hanketan mugitzen hasi aurretik  bagenituen etsaiak, eta borroka izan dugu adostasun eza konpondu edo areagotzeko tresna nagusi. Tximuen ondorengook hurkoa jan izan dugu bestea ezberdina zela ohartu ginenetik, eta ez beti goseak eraginda. Zer ginen eta nora gindoazen ohartzerakoan, amaieraren mamuak, ezerezaren izuak, adimena zorroztu zigun eta erabaki genuen azken muga pasabidea besterik ez zela izango eta beste aldean hemengo neke guztiak, zeru, paradisu edo amestutako helburu bilakatuko zirela. Hori egi bihurtzeko hala ere gu baino indartsuagoa eta handiagoa izango zen izaki ahalduna behar genuen, eta hori ere asmatu genuen. Eta hor hasi ziren gureganaino iritsi diren ezberdintasunak, jainkoak amestu zituztenen arteko aldeak.

Herri guztiek sortu zituzten, babestu, lagundu eta etsaien aurka indartsuago egingo zituzten jainkoak. Hasierako jainko haiek ugari ziren, jarduera bakoitzak, lanbide guztiek, animalia gehienek eta landare eta inguruko lekuek jainkoa, zaindaria edo patroia zeuzkaten. Bi herrien arteko borroken ondoren irabazleak ez zuen inongo eragozpenik izaten menderatutakoen jainkoak bere egiteko. Panteoiak jainko eta jainkotxo ugariz beteta zeuden. Jainko-jainkosa haiek begien aurrean genuen Mundua sortzeaz gain, heriotza ondorengo lasaitasuna ziurtatzen ziguten. Jainko oso gizatiarrak ziren, mozkortu egiten ziren,lapurretan harrapatzen zituzten, beste jainko eta jainkosei bikotea kentzen zieten, ez zuten eragozpenik zerutik lurrera jaitsi eta beste sinesmen eta fedeetako ordezkariekin nahasteko…

Baina halako batean, gizakiak nekazaritza garatu eta lehen hiriak eraiki zituen lurretan, herri batek erabaki zuen jainkoa bat eta bakarra zela, eta beraiena benetako bakarra, guztiz ahaltsua eta beste guztien gainetik zegoena, besteak asmatutakoak zirenez erabat faltsuak zirelako. Jaungoiko boteretsu honek Mundua sortu zuen, gizakiok lurrean jarri gintuen bera gurtu genezan, bere sorkuntza miresgarria goraipatu eta bera ez zen beste guztia ukatu, atzera bota eta behar izan ezkero deuseztatzeko. Hark ez zuen trikimailurik onartzen, ez zuen gizaki arruntek asmatutako jainkoekiko hitzarmenik onesten, bestea suntsitu beharra zegoen. “Nirekin ala nire kontra zaudete, ez dago erdiko biderik”. Nirekin bazaude nik jarritako baldintzak eta nik adierazitako bidea onartu behar dituzu, bestela hiltzea merezi duzu. Asmatutakoa sinetsi genuen, sinetsitakoa ezinbesteko bihurtu eta zuri beltzeko Mundua sortu. Eremu haietako mugetan jarraitzen dugu.