Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Le Penek 'fronte errepublikanoa' deitutakoa hautsi du

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Dupont-Aignan eskumako hautagaiak Le Penen alde egiteko ituna sinatu du. Melenchonen Frantzia Intsumisoak bigarren itzulian zuri bozkatuko duela iragarri du.

'Fronte errepublikanoa 'deiturikoa hautsi egin da Frantzian. Orain arteko hauteskundeetan, Fronte Nazionaleko hautagaia bigarren itzulira pasatzen zen aldiro, gainerako alderdiak ados jartzen ziren aurkako hautagaiarentzat botoa eskatzeko. Horri deitzen zitzaion 'fronte errepublikanoa'. Baina hori bukatu egin da.

Lehenengo itzulian alde batera geratutako eskuineko hautagaiak, Nicolas Dupont-Aignanek, ituna sinatu du Marine Le Penekin. Eta horrek esan nahi du Le Penek lor ditzakeela lehen itzulian Dupont-Aignakek eskuratutako milioi bat eta erdi boto.

Baina are garrantzitsuagoa da Jean Luc Melenchonek gidatutako ezkerreko alderdian, Frantzia Intsumisoan, gertatutakoa. Militanteek barne bozketa egin dute, eta erabaki dute zuri bozkatuko dutela. Hau da, Marine Le Penek irabazteko arriskua dagoen arren, ez diote Emmanuel Macroni botoa emango, uste baitute kapitalaren hautagaia dela.  Hala ere, datu bat izan behar da kontuan: Melenchonek zazpi milioi boto lortu zituen eta, aldiz, milioi laurdena izan dira alderdiaren barne bozketan parte hartu duten militanteak. Beraz, Melenchonen boto-emaile askok Macronen aldeko botoa emango dute igandean, izan ere, oraindik ere sinisten dute 'fronte errepublikanoa'n.