Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Altzairua eta ikatza. Juanjo San Miguelen iruzkina

Albisteak

Iruzkina

Altzairua eta ikatza

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

2017/05/12

1950ean eskaintza bitxia egin zion Frantziak Alemaniari: altzairua eta ikatza bien artean ekoitzi zitzatela, armen inguruan inork nagusitasuna izan ez zezan.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

XX. mendean, Europak historian izandako bi gerra bortitzenak eta basatienak bizi izan zituen 30 urteko epean. Lehen Mundu Gerran 18 miloi pertsona hil zituzten, bigarrenean 60 miloi. Bi gerra hauetan gizakiak inoiz ikusi gabeko izugarrikeriak ohikoak bihurtu ziren. Europan, alemanek britainiarrei eta frantsesei egindakoak historia liburuetan azaltzen dira; letra txikiagoan, baita ordainetan jasan zutena ere hortxe dago, Bremengo mendeku ankerra, esate baterako. Garai hartako europarrek pilatu zuten gorrotoa eta herra neurtezinak dira, ezinikusiak izen-abizenak eta lurralde zehatzak zeuzkan. Hain denbora gutxian horrelako bi leherketa beldurgarrik aurreikuspen guztiak hautsi zituzten eta etorkizun beltza iragartzen zuten, baita irabazleentzat ere.

Gerra amaitu eta lau urtera, zauriak oraindik sendatu gabe zeudela, eta oroimenak bizi segitzen zuenean, Robert Schuman Frantziako Kanpo Harremanetarako ministroak Europaren historia aldatu duen adierazpena egin zuen. 1950eko maiatzaren 9an, 200 kazetariren aurrean, Schumanek Alemaniari bakea eta elkarlana eskaini zizkion, eta horretarako oso proiektu bitxia jarri zuen mahai gainean: armak egiteko ezinbestekoak diren bi gai nagusiak, altzairua eta ikatza, bien artean ekoitzi zitzatela, ez batak ez besteak nagusitasuna izan ez zezan, eta egin beharrekoa bien artean erabakitzera derrigortuta egon zitezen. Alemaniak berehala erantzun zuen, eta handik urtebetera Ikatza eta Altzairuaren Elkarte Europarra sortu zuten, Italia, Luxenburgo, Belgika eta Herbeherekin batera.

Azken 67 urtetan Europako herrialde nagusiak bakean izan dira, Europako mendebaldeak pentsaezina zirudien proiektua aurrera ateratzea lortu du. Europar Batasunak sorrerako akats nabarmenak ditu eta bere ibilbidean zehar oker handiak egin ditu, baina aitortu beharra dago horrelako giza eraikuntzarik ez dela sekula sortu eta garatu, bai giza eskubideen errespetuari dagokionez, baita aukeren eta aberastasunaren banaketari dagokionean ere. Azken hilabetetan, Europar Batasunak kritika zorrotzak jaso ditu gai hauen inguruan: errefuxiatuekiko izandako jokaerak, Estatu Batuekin negoziatutako komertzio hitzarmenak, herrialde arabiarretan erakutsi duen arduragabekeriak. Ezinak zilegi eta bidezko bihurtu dituzte gaitzespen horiek. Baina Europan bertan egin zaizkion kritika batzuk ez dira benetakoak, krisi ekonomikoa ez delako bere jokaeraren ondorio izan, eta herrialde batzuen egoera herri horietako agintari eta arduradunen erantzukizuna izan delako. Erresuma Batuan hartutako erabakia ezin zaio Bruselari leporatu, eta oro har, krisiari emandako erantzunean alde guztiek eragozpenak izan dituzte, interes kontrajarriak izan direlako, eta ez bakarrik gobernuenak eta botere taldeenak.

Erakunde orok kritikak ezinbestekoak ditu hobetu eta iraun ahal izateko, baina zerbait gogoko ez dugunean, edo jokaera okerra gaitzesterakoan, komeniko litzateke horren ordez zer egingo genukeen adieraztea, gure eredua zehaztea, nolakoa izango litzatekeen gure eraikuntza zirriborroetan behintzat finkatzen ahalegintzea. Gizakiok benetako zailtasunak ditugu daukagunari duen balioa aitortzeko, eta gogokoa dugun hori merezi bezala bizitzeko. Zerbait galtzen dugunean ohartzen gara benetan zeukan garrantziaz eta baloreaz.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena