Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Manchesterrek kanpaina britainiarri eragingo dio

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Atentatuak bidea zailtzen die mugak irekitzea eta kulturen arteko bizikidetza defendatzen dutenei.

Manchesterreko atentatuak, zuzen-zuzen, herritar zibilak izan ditu helburu. Europan gertatzen ari diren gainerako atentatu guztiak bezala. Bat bera ere ez da izan militarren edo poliziaren kontrakoa; denak dira zibilen aurkakoak. Eta, Manchesterreko honetan, gainera, nerabeak hiltzea izan dute helburu, adin horretakoak direlako Ariana Grandek batzen dituen entzuleak. Horrelako erasoen aurrean, ohikoena izaten da herritarrek segurtasuna eskatzea eta agintariek segurtasuna eskatzen duten herritarrak entzutea.

Erresuma Batuko hauteskunde kanpaina betean gaudela kontutan hartuta, atentatu honek Alderdi Kontserbadorea indartuko du. Segurua da Alderdi Laboristak eskuinera egingo duela immigrazio eta segurtasun gaietan. Jeremy Corbyn bera zalantzati agertu zen gai honi buruz 'Brexit'aren erreferendumaren kanpainan egin zituen hainbat adierazpenetan. Theresa May eta kontserbadoreak dira, dudarik gabe, immigrazioaren eta musulmanen kontrako eta seguritatearen aldeko monopolioa dutenak. Kontserbadoreak dira 'Brexit'aren trenean gidari lanak egiten ari direnak; atzeko bagoian doaz laboristak. Ez dakigu Manchesterreko atentatuaren egileek modu horretan eragin nahi izan ote duten hauteskunde kanpaina, edota Europaren kontra egindako beste erasoetako bat ote den. Baina argi dago bidea zailtzen diela mugak irekitzea eta kulturen arteko bizikidetza defendatzen dutenei.