Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Kontuz islamofobiarekin

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Darren Osborne Londresko meskitaren atentatuaren egilea "haiek" eta "gu" bereiztearen amorruan erori da. Ez dugu utzi behar "eurak" eta "gu" erlijioaren arabera defini daitezen.

Jihadistak Europako herritarren aurka egiten ari diren etengabeko erasoen helburua argia da: eskala txikiko gerra zibil bat eragitea. Europan bizi diren musulmanen aurkako eraso bortitzak eragitea, modu honetan erasotuak senti daitezen eta euren burua defendatzeko beharra senti dezaten. Estrategia hori ez da zertan imajinatu behar: ISISek bere propagandan hala aldarrikatzen du. Orain arte ez du helburua lortu. Jihadistek egindako atentatuen ostean, islamofobia kutsuko eraso txikiak izan dira, baina indarkeria maila txikiarekin: musulmanei irainak kalean, meskitaren bati su eman, baina ez musulmanen hilketa antolatuak eta sistematikoak.

Orain arte. Darren Osborne, galestarra, "haiek" eta "gu" bereiztearen amorruan erori da. "Eurek" zibilak hiltzen badituzte, "guk" ere gauza bera egingo dugu, "eurek" furgonetak erabiltzen badituzte, "guk" ere horixe egingo dugu, hori pentsatu omen zuen. Osbornen arazoa da ez dakiela zeintzuk diren "haiek" eta "gu". Ez dugu utzi behar "eurak" eta "gu" erlijioaren arabera defini daitezen. "Gu" askatasunean eta elkarbizitzan sinesten dugun herritarrak gara, eta "gu" horretan sartzen dira musulmanak, kristauak, budistak, judutarrak edo dena-delakoak: "eurak" oso gutxi dira, terroristak besterik ez dira, suntsitzea beste helburu ez duten terroristak.