Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Venezuelako 'traidoreak'

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Venezuelako Asanblea Konstituziogileak oposizioko buruen aurkako epaiketa bultzatuko du 'Aberriari traizioa egiteagatik'. NBEren arabera, Venezuelan giza eskubideak urratzen ari dira.

Venezuelako Asanblea Konstituziogileak oposizioko buruen aurkako epaiketa bultzatuko du 'Aberriari traizioa egiteagatik'. Ameriketako Estatu Batuei (AEB) laguntzea eta Donald Trumpek Maduroren kontra ezarritako zigor ekonomikoak babestea leporatzen diete. Asanblea Konstituziogilea Madurok deitu zituen eta oposizioak parte hartu ez zuen hauteskundeetan aukeratu zuten. Horren ondorioz, Batzarra osatzen duten kide guztiak chavistak dira.

Maduroren esanetan, Konstituzio berria idaztea eta onartzea da Asanblea horren helburua. Praktikan, ordea, benetako helburua Asanblea Nazionala baliogabetzea da; 2015eko hauteskunde legegileetan aukeratu eta oposizioak gehiengoa duen erakundea, hain zuzen ere. Orain artean, Asanblea Konstituziogileak apenas eztabaidatu du Konstituzio berriaz. Errepresio neurriak hartzera mugatu da, Luisa Ortega fiskal ohia kargugabetuz edo oposizioko buruzagiak traidoretzat joz.

Horrek guztiak arrazoia ematen dio Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi-komisarioak egindako txostenari. Txostenaren arabera, Venezuelan giza eskubideak urratu eta oposizioa paretik kentzeko politikak garatzen ari dira. Eta dagoeneko, norabide horretan Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako bigarren txostena da.