Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Legea eta Justizia Polonian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Europako Batzordeak Polonia zigortzeko prozedura abiatu du, botere judizialaren independentzia errespetatzen ari ez dela iritzita. Boto eskubidea ere gal dezake Varsoviak.

Ondorio politiko garrantzitsuak ditu Europako Batzordeak Polonia zigortzeko zabaldu duen prozedurak. Lehen aldia da itunetan aurreikusita dagoen prozedura hau martxan jartzen dena. Arrazoi larri baten ondorioz aplikatu da: Polonian ez da ustez botere banaketa errespetatzen ari, botere judizialaren independentzia, alegia. Ondorioa oso gogorra izan daiteke: Europako ministro kontseiluetan Poloniari boto eskubidea kentzea.

Poloniako gobernu kontserbadorea egiten ari den lege erreformetatik dator hau guztia. Bruselaren iritziz, botere judizialaren independentzia bertan behera uzten ari dira, gobernuari ahalmena ematen baitzaio epaileak kendu edota jartzeko.

Poloniaren aurkako prozedura hau 28 kideen artetik 22k onartu behar dute, eta litekeena da gehiengo hori lortzea; hori bai, bozketa egitera iristen badira, aho batez onartu beharko da Poloniari boto eskubidea kentzea. Eta horretan lasai egon liteke Polonia, Europan duen aliatu nagusienak, Hungariak, esan baitu galarazpen horren kontra bozkatuko duela, eta beraz, ez da guztien adostasunik izango. Hungaria ere susmopean dago arrazoi berengatik, haren kontrako prozedura abiatu ez duten arren. Bada beste bitxikeria bat: Polonian botere judizialaren independentzia kolokan jartzen ari ei den alderdiak Legea eta Justizia du izena.