Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Sahara

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Espainiako Gobernuko presidenteak hurbilekoak eta urrutikoak harritu dituen erabakia hartu du Mendebaldeko Sahararen etorkizunari buruz: azken 47 urteetan zehar Madrilen izan diren gobernu guztiek azaldu duten jarrera hautsi eta Sahara Marokoren zati edo lurra dela onartu du.

Basamortua lur anonimoena ei da. Gure begien ahalmena iristen ez den lekuraino zabaltzen den itsaso lehor horretan, ezagunak zaizkigun leku eta irudiak antzematea ezinezkoa zaigu. Hangoak ez garenok, aldiz, mugarik gabeko eremuan galdu egiten gara. Agian horregatik europarrok eragozpenak izan ditugu beti harea amaigabe hauetan kokatu eta, zer esanik ez, arazoak kudeatzeko.

Espainiako Gobernuko presidenteak hurbilekoak eta urrutikoak harritu dituen erabakia hartu du Mendebaldeko Sahararen etorkizunari buruz: azken 47 urteetan zehar Madrilen izan diren gobernu guztiek azaldu duten jarrera hautsi eta Sahara Marokoren zati edo lurra dela onartu du. Ziur aski, erabaki hori hartzeko, Sanchez presidenteak leku askotatik presioak jaso ditu, gogorrenak Estatu Batuetatik seguruenera. Espainiari Marokorekiko harremanetan bakea izatea derrigorrezkoa zaio, hegoaldeko bizilagunak garrantzi estrategiko ukaezina duelako, segurtasun kontuetan eta migrazio oldeei eusteko, besteak beste.

Baina Espainiako Gobernuak berak, Europar Batasunak eta Estatu Batuek hartutako jarrerak eta erabakiek kontraesanez betetzen digute gaur egungo nazioarteko harremanen panorama. Mundua azken urteetako erronka arriskutsuenaren aurrean dagoen honetan, herrialde baten okupazioa eta okupatzailearen izaera ez demokratikoa dira argudio nagusiak guztiok bere aurka jar gaitezen. Eta hala beharko luke. Baina Mendebaldeak, Rabateko agintariekiko harremanetan, beste leku eta egoera batzuetan eskatzen duena urratzen du.

Egia da Mendebaldeko Sahara ez dela herrialde osatua eta mundu guztiak onartutakoa, baina bere etorkizuna lehian izanik, Nazio Batuek irizpide zehatzak ezarri dituzte, eta Madrilek, Bruselak eta Washingtonek ontzat eman dutenak nazioarteko erabaki, akordio eta arauak urratzen ditu. Baina hori bezain harrigarria, edo hori bezain onartezina, Marokoko Gobernuaren eta gizartearen izaera ez demokratikoa da. Marokon, 1956an independentzia lortu zuenetik, erregeak, Hassan II.a lehendabizi (gaur egungoaren aita) eta Mohamed VI.a orain, jaun eta jabe izan dira. Konstituzioan oinarritutako Zuzenbide Estatua dela azaldu arren paper ofizialetan, Marokon erregeak nahi duena egiten du inongo kontrolik gabe, bere Polizia eta zerbitzu sekretuak beldurgarriak dira eta oinarrizko eskubideen urraketa eguneroko kontua da.

Putinek Bielorrusian etorkinak erabili zituen Europar Batasuna presionatzeko. Mohamed erregeak ez zuen inongo eragozpenik izan bere herritarrak, bertan etorkizunik ez duten gazteak, arma politiko gisa erabiltzeko. Etorkinak, berriz, Espainia presionatzeko erabili izan ditu tronura iritsi zenetik. Komunikabideak bere esanetara ditu; benetako oposizioa, atzerrian edo kartzelan, eta ez du aparteko kezkarik azaldu jokaera makurrenak bultzatzeko horrek bere indarra eta eragina areagotzeko balio izan badu.

Basamortuko harea beroetan, ispilatzeek irudiak zirriborro bihurtzen dituzte, eta laguntzarik gabe bagaude, iparra galtzeko arriskua oso handia da.