Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Futbola

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Ziur aski futbol profesionalak aspaldi utzi zion kirola izateari, gaur egun beste zerbait bihurtu baita.

Etekinak, irabaziek eta berehalakotasunak baldintzatu eta bideratzen duten mundu honetan, ez gintuzke gehiegi harrituko garai batean kiroltasunez egindako lehia negozio bihurtu dela ohartzeak, eta giza jarduera gehienetan bezala, gutxi batzuek eskuratuko balute sortutako aberastasunaren zati nabarmenena. Baina, aurten, Qatarren txapelketa egiteko erabakiak guzti hori agerian uzteaz gain, nazioarteko futbol arduradun nagusien izaera eta helburuak erakutsi dizkigu.

Egiak eta gezurrak egiaztatzea oso zaila den garai hauetan, erakunde zenbaitek eta giza eskubideen aldeko talde guztiek salatu dutena gogoratuko dugu, frogatu gabeko akusazioak direla jakinda. Salaketa edo akusazioa ez dena gogoratuko dugu lehendabizi; Qatar monarkia dela, azken 170 urtetan jaun eta jabe izan den familia berak agindu duela, giza-eskubideak kimera hutsa direla, Sharia lege islamiarra erabiltzen dutela arlo askotako arauak finkatzeko, emakumeak baztertuta daudela… Qatarren emakumea izan eta bortxatzen bazaituzte, zu zigortzen zaituzte adulterioa leporatuta.

Futboleko Mundu Txapelketa antolatzeko, nazioarteko federazioak Qatar aukeratu zuenetik, hainbat gobernuk  eta erakundek adierazi dute federazio horretako arduradunek dirutza handiak jaso zituztela erabaki horren truke. Erabat ulergaitza dela txapelketa honetarako sekula sailkatu ez den herrialdea horrenbeste garrantzi eta oihartzun duen lehiaketa antolatzeko izendatzea eta ohiko datak aldatzea bertan eguraldi gogorra egiten duelako, munduko barne txapelketa guztiak hankaz gora jarriaz gainera.

Qatarrek hutsetik eraiki behar izan du horrelako antolaketak behar duen azpiegitura guztia, eta salaketak etorri dira langileei emandako tratuagatik; 6.500 hil omen dira lan baldintzen ondorioz edo lanean jasandako istripu edo gaixotasunek jota. Qatarrek dio 40 besterik ez direla izan, baina Lanaren Nazioarteko Erakundeak adierazi du gobernuak ez duela kopurua zenbatu eta ez zaiola gehiegi axola zenbatekoa den. Baina, langileek pairatutako tratua beldurgarria izan da, lan-baldintza oso gogorrak, soldata eskasak, soldata jasotzen zutenean, pasaportea kendu izan zaie baimenik gabe mugitu ez daitezen…

Qatarren, Al Jazeera telebistak bertan egoitza nagusia izan arren, adierazpen askatasuna oso mugatuta dago, eta LGTBI kolektiboko kideak estralurtarrak bailiran tratatzen dituzte, hau da, existituko ez balira bezala; baten bat zer den adieraztera ausartzen bada, zigor gogorra jasotzeko arriskua du. Eta guzti hau gertatzen da gure futbol agintari nagusien oniritziarekin, ez baitute inongo protestarik egin, ez dute aldaketa txikiena eskatu. Eta hori ikusita bertako agintariek eman dute aurrerapausoa, zeinek agintzen duen erakusteko edo: txapelketa ikustera edo partehartzera doazenek ezingo dute LGTBI kolektiboko ikur edo adierazlerik erakutsi 11 urte arteko kartzela zigorra jasoko dutelako. Zer egingo dute gure agintariek, kirol arduradunek, futbolariek? Baten bat zerbaitetan ausartuko al da?