Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Prezioa

JUANJO SAN MIGUEL BERGARETXE

JUANJO SAN MIGUEL BERGARETXE

Ongizatearen gizartean, herritarrak ohitu dira askotariko iritziak adierazi eta jarrerak azaltzera, horrek guztiak apenas ondoriorik izan gabe. Baina, esandakoek erantzuna izan dezaten, benetan, kosteren bat ordaindu beharko genuke.

Europako Mendebaldeko ongizatearen gizarte honetan, urtetan ohitu gara mota guztietako iritziak adierazi eta jarrerak azaltzera, esandako horrek apenas ondoriorik izan gabe gure egunerokotasunean, batik bat gertakizuna edo azterketa-gunea etxetik urruti samar egonez gero. Edozer gauza esan, edozein jarrera azaldu arren, ez zuen ordainketarik eskatzen; ez zekarren kalterik.

Ukrainako gerrak, ezkutuan zeuden kontu asko azaleratu ditu: besteak beste, errealitate horren gezurra erakutsi digu, ideologiak, beharrak edo indarrak eragindako portaera orok ondorioak dituelako, edo izan beharko lituzkeelako.

Munduko edozein lekutako gatazka edo gerrari buruz muturreko iritzia eman genezake, baita borrokan ari diren batzuen edo besteen jokaera gaitzetsi edo gure aholku bikaina eman ere. Gure buruarentzako inolaz ere onartuko ez genituzkeen errejimenen zilegitasuna aldarrikatzen dugu, hasierako helburuak onak zirelako edo aurretik zegoena okerragoa omen zelako. Iritzi aurrerakoienak botatzen ditugu, horrek guri ezer ez digula eskatuko jakinda; inongo konpromisurik ez dugula badakigulako.

Eguraldiaren astinduek, klima aldaketan, bederen, egindakoak ondorioak dituela agerian utzi digute. Politikoek eta herritarrok konponbidearen eragile behar zuen iritzia plazaratu ondoren, juxtu kontrakoa egin dugu eguna joan eta eguna etorri.

Etorkinen eta errefuxiatuen auzian beste horrenbeste .Konpromisoak eskatzen dizkiegu gobernuei, datozen guztiak har ditzaten, baina guk ezer jarri gabe, gure bizimoduan aldaketa txikiena izan gabe.

Ukrainako inbasioak izan dituen ondorioek uste eta aurreiritzi ugari deuseztatu dituzte, eta gure iritziek eta erabakiek prezioa dutela, ordainketa eskatzen dutela azaldu. Edozein gerran, modu eraginkorrean parte hartzeko prest bagaude, injustizia iruditzen zaiguna salatu eta galarazi nahi badugu, zerbait galtzeko prest egon behar dugu.

Etorkinak eta errefuxiatuak hartu eta babestu nahi baditugu, euren jaioterrietan garapena sortu nahi badugu eta bizimodu hobea eskaini nahi badiegu, zerbait eman beharko dugu. Eta ez da nahikoa izango gobernuz kanpoko erakunde bati hilero 20 eta 40  euroko ekarpena egitea; gure ongizate oparoa edo urria murriztu beharko dugu nahita nahiez.

Ukrainak, eguraldiak, etorkinen irudiek, gaixotasunek eta puztutako sabela erakusten diguten ume argalek zerbait eskatzen digute. Benetan kostatuko zaigun zerbait galtzeko prest egon beharko genuke gure hitzezko konpromisuek emaitzak izan ditzaten; nonbaiten eraginkorrak izan daitezen.

Zer soldata-zati galtzeko prest gaude beste batzuren bizimodua hobetu dadin? Etxean edo auzoan zenbat etorkin hartu eta babesteko prest gaude? Gure bizia arriskuan jartzeko prest al gaude gerra anker eta zentzugabeari amaiera emateko?