Itxi

Jesus Torquemada

Videlaren kontrako epaia

Argentinak epaitzen eta zigortzen jarraitzen du

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Militarrek egin zuten deliturik beldurgarrienetako bat haur-lapurreta izan zen. Emakume batzuk haurra izan arte zituzten preso, ondoren hiltzen zituzten eta haurra militar bati ematen zioten.

1976 eta 1983 urteen artean herrialdea doluz jantzi zuten diktadore militarrek. Hainbat urtez justiziari ihes egingo ziotela pentsatu izan zen, “puntu eta amaiera” izeneko amnistia-lege batek babesten zituelako, baina gero epaileek legean zirrikituak aurkitu zituzten eta gizateriaren kontrako delituengatik militarrak epaibidean jartzen hasi ziren, amnistia lege horrek era horretako delituak ez zituela babesten ulertuta.

Militarrek egin zuten deliturik beldurgarrienetako bat haurren lapurreta izan zen. Espetxeratutako emakume batzuk haurra izan arte edukitzen zituzten preso, ondoren hil egiten zituzten eta haurra militar bati edo erregimenarekin kolaboratzen zuen norbaiti ematen zioten.

Ondorioz, argentinar asko bere benetako familia zela pentsatuz bizi izan da, jakin gabe hain zuzen ere euren benetako gurasoak hiltzen lagundu zuten familien etxeetan bizi zirela.

Haur horien kopurua zenbatekoa den ez dago argi. Plaza de Mayoko Amonen Elkarteak gaia ikertzea erabaki zuen eta kasu asko argitu ditu, 500dik gora kasu eman zirela uste du elkarte honek.

Horrez gain, militarren erregimeneko hainbat kide garrantzitsuren kontrako epaiketa bultzatu zuen, horietatik bi esanguratsuenak orain zigortu dituzte: estatu kolpea eman zuen Videla eta azken Junta Militarreko buru izan zen Bignone.

Sententziak dio jakinaren gainean egindako zerbait izan zela eta sistematikoki egina gainera. Horrek garai hartako beste kriminal batzuk epaibidean jartzeko atea zabalik uzten du.