Itxi

Bake prozesua

Liburua aurkeztu du

Gisasola: 'Euskal Herriko bizikidetza guztion erantzukizuna da'

Erredakzioa

Baimen berezia eman diote Gisasolari, Zaballako espetxean zigorra betetzen ari den arren, Gaur Zortzi bere lehen liburua aurkeztu ahal izateko.

01:11
Carmen Gisasola ETAko kide ohiak 'Gaur Zortzi' liburua aurkeztu du

Carmen Gisasola ETAko buruzagi ohiak esan du “nahitaezkoa” dela “iraganaren inguruko hausnarketa” egitea, Euskal Herrian bizikidetza garatzeko. “Euskal Herriko elkarbizitza guztion erantzukizuna da”, gaineratu du.

Hamarkada bat da Gisasola ETAtik aldendu zela. Talde terroristako kupulara iritsi zen aurreneko emakumeen artean egon zen, eta gaur bere lehenengo eleberria aurkeztu du Donostian, ‘Gaur Zortzi’, Aintzane Ezenarrorekin batera. Alaba ETAn sartu dela ikusi duen ama baten istorioa kontatzen du liburuak.

Baimen berezia eman diote Gisasolari, Zaballako espetxean zigorra betetzen ari den arren, liburua aurkeztu ahal izateko. ‘Langraizko bidearekin’ bat egin zuen Gisasolak. Urduri, euskaraz idatzitako testu bat irakurri du eleberria aurkezteko, eta ez dio Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko inongo galderari erantzun nahi izan.

Gisasolaren hitzetan, “bizi izan dugun iraganaren inguruko gogoeta sakona” egin gabe, “ezingo dugu etorkizuna landu”. Horren harira, Gerra Zibilaren ondorioak aipatu ditu ETAko buruzagi ohiak.

Idatzitako liburuaren bidez, ETAko kideen senideen sufrimendua azaleratu nahi izan du Gisasolak. ETAko kideak “hezur-haragizko” pertsonak dira, haren hitzetan.