Bake prozesua -

3 urte jarduera armaturik gabe

Ipar Irlandako eta EBko zenbait aditu EAEra, bakegintzan laguntzeko

Gainera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, Brian Currinek gidatuta, EAEn ere izango da datorren astean, bake prozesua hainbat ekintzen bidez bultzatzeko helburuarekin.

Jaurlaritzak Europar Batasunak laguntzea nahi du

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Irlandako eta SEUPBko (EBko Programa Bereziak Kudeatzeaz Arduratzen den Erakundea) adituz osatutako ordezkaritza bat Euskadira etorriko da datorren astean, Euskadiko hainbat erakunde-arduradun eta gizarte-eragilerekin bilerak egiteko, Europako bake eta bizikidetza arloko egitasmoetan elkarlanean aritzeari begira.

SEUPB Europako Batzordeko erakunde bat da eta Peace Programme kudeatzeaz arduratzen da; hau da, Europako Gizarte Funtsen barruko Ipar Irlandako –Irlandaren eta Eskoziako Mendebaldearen arteko mugako eskualdea– bake- eta adiskidetze-programetako bat kudeatzeaz.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aurtengo urtarrilean Eusko Jaurlaritzako eta SEUPBko ordezkariek Belfasten topaketa bat egin ondoren dator bisita. Topaketa hartan, euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen Ipar Irlandan Europako erakundeen babesarekin gauzatzen ari diren bizikidetza sustatzeko egitasmoak.

Oraingoan -Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak antolatuta- Irlandako ordezkaritza, SEUPB (Pat Colgan buru duela), Urkullu lehendakariarekin bilduko da, asteartean, hilaren 21ean, eta 22tik 24ra Bilbon egingo den topaketa batean parte hartuko du.

Topaketaren helburua hirukoitza da: Bakearen eta bizikidetzaren inguruan Euskadin lortu nahi den helburua Europar Batasunean parteka dadin lortzea; Europar Batasunarekiko lankidetza-esparru praktiko bat antolatzea, bakea finkatzeko eta bizikidetza-kultura berri bat sustatzeko eta Bakearen eta bizikidetzaren eremuan politika espezifikoak garatzen ari diren Europako beste eskualde batzuekin esperientzia erabilgarriak trukatzeko aukera ezartzea.

Currin ere, Euskadin

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, Brian Currin hegoafrikarrak gidatuta, Euskadiko bake prozesua sustatzen ahaleginduko da, 23tik 25ra egingo duen bisitan, Aieteko Adierazpenetik eta ETAk behin betiko jarduera armatua utzi zuela iragarri zuenetik hiru urte bete direnean.

Batzordearen inguruko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, aditu horien bisitak ez dauka zerikusia Ipar Irlandako eta SEUPBko adituen bisitarekin.

Aipatutako iturrien arabera, kointzidentzia hutsa da GICaren eta Ipar Irlandako eta EBko adituen bisita aste berean izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak