Bake prozesua -

Agiria

ETAk dio badela herria, egitasmoa eta bidea askatasunerantz

Aberri Eguna dela eta, agiria kaleratu du ETAk. Oztopoen gainetik, gaurkoa ospatzeko eguna dela dio ETAk, herri honek bizirik segitzen duelako.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agiria kaleratu du ETAk Aberri Egunari begira. Oztopoen gainetik, gaurkoa ospatzeko eguna dela dio, “herri honek bizirik segitzen duelako, eta bere independentziaren alde borrokan”. “Askatasunerantz herri, proiektu eta biderik bada”, gaineratu du. “Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapenak gaurkotasun osoa du, menpekotasunak gero eta kalte handiagoa baitakarkio Euskal Herriari”, dio agirian.

Espainiako eta Frantziako estatuei kritika egin die ETAk, “sufrimendu handia eragin baitute eta eragiten ari baitira”. “Gatazkaren konponbidearen aukera saboteatu, eta inposizioa areagotzeko urratsak baino ez dituzte egin urteotan”, zehaztu du.

ETAren aburuz, estrategia horrekin bat egin du Eusko Alderdi Jeltzaleak. EAJk lehentasuna agintean egoteari ematen diola dio ETAk agirian, eta une historiko honek eskaintzen duen aukera paregabea zimeltzen uzten ari dela.

Hala ere, Euskal Herria askatasunerako bidean urratsak egiteko erronka historiko baten aurrean dagoela uste du taldeak. Honako arrazoi hauek aipatzen ditu: aldaketa sakonak gertatzen ari dira Nafarroa Garaian, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, ezker abertzalearen estrategia aldaketak aliantza berriak ehuntzea ahalbidetu du edo autonomismoaren bidea agortzen ari da.

Euskal Bidea “aldaketarako proposamen irekia” dela dio, “egungo egoerari egokitua, egingarria eta erabat demokratikoa”. “Askapen prozesua bera sendotzea izango da estatuen zepo horretatik ateratzeko modurik eraginkorrena”, dio ETAk.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aberri eguna bideoak ETA albisteak