Politika -

Nafarroako Parlamentua

'Naparra'ren eta Rodriguezen anaiek familien sufrimendua azaldu dute

Biktimen senitartekoak “abandonaturik” utzi dituztela salatu du Eneko Etxeberriak. 36 urte igaro eta gero, erakunde publiko batek “gertakari larriak” azaltzeko deitzea eskertu du Fermin Rodriguezek.

Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'ren anaia Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'ren anaia Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'ren anaia Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren eta German Rodriguezen anaiek familien sufrimendua azaldu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Naparra 1980an desagertu zen eta ekintza Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen. German Rodriguez Poliziak tirokatu zuen 1978ko sanferminetan.

Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak Eneko Etxeberria eta Fermin Rodriguez anaien agerraldiak eskatu zituzten. Biktimak erreparatzeko lege-proposamenaren tramitazio markoan azalpenak eman dituzte biek Parlamentuan.

Komando Autonomo Antikapitalisten ustezko buruzagia 1980ko ekainean desagertu zen. Orduz geroztik familiak sentitu duen "abandonua" azaltzea "zaila" zela adierazi du Eneko Etxeberriak. Naparra-ren gorpua ez dute oraindik aurkitu, nahiz eta horretarako kudeaketa, izapide eta bilaketa ugari egin.

Eneko Etxeberria: "Anaiaren memoria ahazten uzterik ez zegoen"

"Nahiz eta oztopo ugari izan, ezin genezakeen anaiaren memoria ahazten utzi", esan du Naparra-ren anaiak. Jose Miguel Etxeberria desagerpen baten biktima izan zela onartu zuen NBEk 2014an, hau da, preskribatzen ez duen gizateriaren aurkako krimena. Zentzu horretan, NBEren erabakia "kontsolagarria" izan dela aitortu du Etxeberriak.

Naparra-ren amak (aita 2006an hil zen), arrebak, emazteak eta abokatuak Eneko Etxeberria lagundu dute. Orain arte Espainiako Estatuak bahiketa eta desagerpena argitzeko borondaterik izan ez duela azaldu zuen NBEko kontalariak.

Gertatutakoa argitzeko laguntza eskatu dio anaiak Nafarroako Parlamentuari. 34 urte pasa eta gero, Naparra-ren senitartekoek gorpua itzultzeko beste 34 urte itxaron beharko ote dituzten galdetu du Etxeberriak.

Fermin Rodriguez Nafarroako Parlamentuan biktimak efe

Fermin Rodriguez German Rodriguezen anaia. Argazkia: EFE

Fermin Rodriguez: "Anaia basakeria baten lekuko izan zen"

Bigarren agerraldi batean, 36 urte igaro eta gero, erakunde publiko batek 78 sanferminetan jazotako "gertakari larriak" azaltzeko deitzea eskertu du Fermin Rodriguezek.

Uztailaren 8an bere anaia zezen-plazan zegoela azaldu du Rodriguezek. Polizia armatuak plazan sartu ziren eta ke poteak jaurti zituzten. Era berean, poliziek tiro egin zutela salatu du. Anaia akabatzeaz gain, zenbait pertsona zauritu zituztela esan du. "Anaia basakeria baten lekuko izan zen", gaineratu du.

"Azken 36 urteetan nagusitu den zigorgabetasuna", salatu du German Rodriguezen anaiak. "Nork tirokatu zuen inork ez dit azaldu, nork eman zuen tiro egiteko agindua eta zergatik", erantsi du. Erantzukizun judizialik eskatu ez dela aurpegiratu du. Gainera, anaia "Estatuko indarkeriaren biktima izan zela ez dute sekula onartu", adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan