Politika -

Radio Euskadi

'Kartzelaldi iraunkor berrikusgarria biziarteko kartzela-zigorra da'

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen arabera, kartzelaldi iraunkor berrikusgarriak 'konstituzionaltasun zalantzak' sor ditzake eta gaiak Auzitegi Konstituzionalean buka dezake.

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen esanetan, kartzelaldi iraunkor berrikusgarria "kontraesan bat da bere baitan, izan ere, iraunkorra bada ez da berrikusgarria". Are gehiago, biziarteko kartzela-zigorra dela uste du, eta horrek "konstituzionaltasun zalantzak" sor ditzakeela eta gaiak Auzitegi Konstituzionalean buka dezakeela gaineratu du.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "gaztelania bihurritu daiteke", baina "muga batzuk jarri behar dira, izan ere, neurri horri biziarteko kartzela-zigorra deitu izan zaio beti".

"Garai konstituzionalean baztertu zen gai bati buruz hizketan ari dira. Trantsizioan, kultura juridikoaren helburuetako bat zen kondenatutako pertsonek zigor anker edo iraingarririk ez jasatea, hots, azpimarratu nahi zen pertsona guztiak, baita maltzurrak eta gaizkileak ere, pertsonak direla", gaineratu du.

Horren harian, "pertsonak badira, duintasuna dute eta babestu beharreko eskubideak dituzte", nabarmendu du. "Biziarteko kartzela-zigorra eskubide horiekin bateraezina zela uste genuen", azaldu du, eta berriro gizarteratzeko helburuaren kontrakoa dela erantsi du.

Ibarraren ustez, zigorrak zenbat iraungo duen ezagutzen ez bada, "eremu irristagarri batean sartzen gara". Horren esanetan, Zigor Kodearen erreforma Parlamentuan tramitatzen ari dira eta legegintzaldia amaitzear dago, baina, horren aburuz, ezin daiteke ziurtzat jo erreforma hori onartuko denik.

"Orain arteko baldintzetan onartzen badute, konstituzionaltasun zalantzak sortuko dituela uste dut", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Espetxe politika EAEko Auzitegi Nagusia hoy