Politika -

Arrazoi 'humanitarioengatik'

Aitzol Gogorza presoa aske uztea eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EAJk eta EH Bilduk ekimenari babesa eman diote. PSE-EEk eta PPk, aldiz, kontrako botoa eman dute.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitzol Gogorza presoa arrazoi “humanitarioengatik” aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak. Euskal presoak gaitz obsesibo-konpultsibo larria du, eta bere buruaz beste egiten saiatu da behin baino gehiagotan. EAJk eta EH Bilduk babestu egin dute ekimena. PSE-EEk eta PPk, aldiz, kontrako botoa eman dute.

Ganberako Giza Eskubideen Batzordeak ebazpena eztabaidatu du, EH Bilduk proposatuta. Azkenean, koalizioak eta EAJk testua adostu dute.

Errenteriako (Gipuzkoa) zinegotzi eta zinegotzi ohi talde batek presoa askatzea eskatzeko manifestu bat plazaratu zuten larunbatean. Errenteriako presoa Juan Jose Baeza espetxeetako funtzionarioa hiltzen saiatzeagatik zigortu zuten.

Testu hura EH Bilduko zinegotziek eta EAJko eta PSE-EEko zinegotzi ohiek sinatu zuten, baina zinegotzi sozialista ohien babesa pertsona gisa izan zen. PPko zinegotzi bat aurkezpenean izan zen, baina ez zuen adierazpena sinatu, “begirale” bezala egon baitzen.

Akordio zabalago bat ez da posible izan

Errenterian gertatutakoa aipatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak eztabaidan, eta kasu honetan akordio zabalagoa lortu ezin izana deitoratu du.

Gogorzaren gaixotasun larria (hiru aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten) gogorarazi eta gero, oraindik ere espetxean jarraitzea salatu du Arzuagak. Horren harian, legeak gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzeko tartea uzten duela nabarmendu du. “Kasu hauetan ez du ematen zuzenbide estatua dugunik”, kritikatu du.

Testua “aho batez” ez onartzea deitoratu du Iñigo Iturratek (EAJ). Giza eskubideak “unibertsalak” direla azpimarratu du, eta, hori dela eta, pertsona “guztiei” bermatu behar zaizkiela erantsi du.

Errenteriako zinegotzi sozialista ohiek “pertsona bezala” izandako jarrera eta alderdiaren jarrera ofiziala bereizi ditu Patxi Elola PSE-EEko legebiltzarkideak, eta legea eta erabaki judizialak “onartu” behar dituztela nabarmendu du.

Azkenik, EAJren eta koalizio abertzalearen arteko “akordio-sorta ikaragarria” salatu du Carmelo Barriok (PP).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Araba Gaurko azken ordukoa