Hautagaitzak -

HAUTESKUNDE AUTONOMIKOAK

Idoia Mendia, PSE-EEren lehendakarigaia

Abokatua ikasketaz, 27 urte zituela afiliatu zen PSE-EEn, eta hainbat ardura izan ondoren, alderdiaren buruzagitza hartu zuen 2014an.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta lehendakarigaia. Artxiboko irudia: EFE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta lehendakarigaia.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta lehendakarigaia. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Cueva (Bilbo, 1965) bigarren aldiz izango da PSE-EEren lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Azken sei urteotan alderdiaren idazkari nagusi  izan da, eta emozio handien zaletzat du bere burua.

Deustu auzoan jaioa, 27 urterekin eman zuen izena PSE-EEn, eta ordutik ardura ezberdinak izan ditu hainbat erakundetan. Hala, Barrikako zinegotzi izatetik legebiltzarkide izatera igaro zen, eta ondoren, Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian (2009-2012) Eusko Jaurlaritzako eledun eta Barne, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburu lanetan aritu zen. 2014an Euskadiko sozialisten idazkari nagusi izendatu zuten, euskal politikagintzaren lehen lerrora pausoa luzatuz. PSE-EEko buruzagitzara iritsi den lehendabiziko emakumezkoa da.

Lauro ikastolan oinarrizko ikasketak egin eta gero, Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Besteak beste, Xabier Arzalluz buruzagi jeltzalea eta Jose Maria Lidon ETAk hil zuen epailea izan zituen irakasle.

Karrera amaituta, Amsterdameko Unibertsitatera joan zen nazioarteko gaiekin lotutako gradu bat egitera, eta handik, Bruselara, Europako Batzordean lan egitera, 1994an Bilbon bere abokatu bulegoa martxan jarri zuen arte.

"Konpromisoak hartzea" eta "herritarren arazoak konpontzeko borrokatzea" gustuko duela, eta horretarako, dagoen arduran dagoela, beti herritarrengandik "gertu" egon ohi dela dio.

Etxean "ikuskera nazionalista" jaso bazuen ere, umetatik bere "irizpide propioa" izan duela eta "gehiengoaren atzetik ibiltzea" ez duela inoiz gustuko izan nabarmendu du. "Abertzaletasunak bere ikuskera bat eta bakarra" balitz bezala azaltzeak ezinegona eragiten zion.

"Harresirik gabeko" herri bat eraiki nahi du

Euskararen inguruko eztabaidaren lelo nagusiak "askatasuna" izan beharko lukeela ere esaten du, eta pertsona guztiek euskara altxor modura ikustea nahiko luke. "Harresirik gabeko" herri bat eraiki nahi du, eta bide horretan lan egiteko maila ekonomikoan, kulturalean zein sozialean jarrera "ausarta, irudimentsua eta irekia" behar da, Mendiaren irudiko.

Eusko Jaurlaritzan egon zen urteetan, Justizia Administrazioa modernizatzea izan zen bere helburuetako bat. Gasteizko Exekutiboaren web orrien kudeaketa bere ardurapean egon zen, eta Open Data Euskadi datu publikoak gizarteratzeko ekimena martxan jarri zen sasoi hartan, besteak beste.

Iazko urrian, Barakaldon, Pedro Sanchez Espainiako presidentea bertan zela, egindako ekitaldian izendatu zuten publikoki Mendia lehendakarigai. "Lankidetza eta akordioa ardatz izango dituen gobernurako aukera sendoa" zuzentzeko borondatea agertu zuen buruzagi sozialistak.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziarekin dago ezkonduta Mendia, eta bi seme ditu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra Idoia Mendia albisteak PSE-EE Bizkaia Hautagaiak Eguneko albisteak EiTB Focus albisteak Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak