Politika -

Katalunia

18 lagun atxilotuta, CDCren finantzazioari lotutako polizia-operazioan

CDCren ustezko finantzazio irregularraren harira, hainbat lagun atxilotu dituzte; tartean, Bartzelonako Portuko presidentea, Bartzelonako alkateorde ohia eta CDCko buruzagi ohi bat.

Polizia operazioan atxilotuetako hiru. Argazkia: EFE
Polizia operazioan atxilotuetako hiru. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak operazioa abiatu du Katalunian, Convergencia (CDC) alderdia zenaren ustezko legez kanpoko finantzazioaren harira.

Vendrelleko 1. Instrukzio Auzitegiak aginduta egiten ari dira Pika operazioa deiturikoa, eta horren baitan 18 lagun atxilotu dituzte.

Halaber, Generalitateko eta Bartzelonako Udaleko azpiegiturako kudeatzen dituzten hiru enpresa miatzen ari da Guardia Zibila. Hain zuzen ere, Guardia Zibila Bartzelonako Portu Agintaritza, Bartzelonako Udal Azpiegituren Elkartea (Bimsa) eta Infraestructuras.cat enpresak ikertzen eta miatzen ari da.

Operazioa agindu duen epailearen susmoen arabera, hiru enpresa horiek obra publikoak beste batzuei esleitzen zizkieten eta trukean kontratuen zenbatekoaren % 3 kobratzen zieten. Gero, diru hori CDC alderdiaren inguruko fundazioetara iritsi ote zen ikertzen ari da epailea.

CDCren ustezko finantzazio irregularraren harira, 20 lagun inguru atxilotu dituzte; tartean, Sixte Cambra Bartzelonako Portuko presidentea, Antoni Vives Bartzelonako alkateorde ohia eta Francesc Sanchez CDCko buruzagia. Atxiloketa eta miaketa guztiak Bartzelona, Lleida, Girona eta Madrilgo probintzietan egiten ari dira.

Kataluniako Justizia Auziteig Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez, epaileak ez du atxiloketa bakar bat ere egin du. Antza, ikerketa pean dauden enpresaburu eta CDCko buruzagien etxebizitzatan eta bulegoetan egiten ari diren miaketen baitan egin dituzte atxiloketak.

Guztira, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak eskatuta miaketak egiten ari dira hamabi udalerritan: Bartzelona, Sant Boi de Llobregat (Bartzelona), Rubi (Bartzelona), L'Hospitalet de Llobregat (Bartzelona), Manresa (Bartzelona), Lleida, Madril, El Prat de Llobregat (Bartzelona), Sant Feliu de Llobregat (Bartzelona), Girona, Berga (Bartzelona) eta Majadahonda (Madril).

Pika operazioa Petrum zenaren segida da. Izan ere, Guardia Zibila 2015etik Convergencia alderdia ikertzen ari da obra publikoak egiteko kontratuak esleitzearen truke % 3ko komisioa jasotzen zuelakoan.

Sei atxilotu, Guardia Zibilaren komandantziara

CDCren finantzazioari lotutako polizia-operazioaren baitan atxilotutako pertsona gehienak aske utzi dituzten arren, gutxienez sei lagun Guardia Zibilak Tarragonan duen komandantziara eraman dituzte, eta epailearen aurretik igaro arte bertan izango dira. Epaileak sekretupeko sumarioa ezarri du.

Komandantziara eraman dituzten atxilotuen artean alderdiko goi kargudun batzuk daude, tartean, Andreu Villoca CDCko diruzaina, Antoni Vives Bartzelonako alkateorde ohia, Francesc Sanchez CDCko buruzagia, Josep Antoni Rosell azpiegituren zuzendariordea, Francesc Xabier T. Copisako zuzendariordea eta Josep Manel Bassols Oprolerreko ordezkaria Katalunian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Gaurko azken orduko albistea