Teknologia -

Irailetik aurrera, salgai

'Pokemon GO Plus'-aren salmenta hilabete atzeratuko dute nazioartean

Irailean kaleratuko dute pokemonak 'ehizatzeko' balio duen eskumuturrekoa, Nintendo konpainiak jakitera eman duenez.

"Pokemon GO Plus" tresna berriak pokemonak ehizatzea ahalbidetzen du. Irudia: Nintendo Europa
"Pokemon GO Plus" tresna berriak pokemonak ehizatzea ahalbidetzen du. Irudia: Nintendo Europa
"Pokemon GO Plus" tresna berriak pokemonak ehizatzea ahalbidetzen du. Irudia: Nintendo Europa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Pokemon GO Plus”-aren nazioarteko salmenta hilabete atzeratuko dute, The Pokemon Companyk, Japoniako Nintendo konpainiaren eskumendeko enpresak, iragarri duenez. Hala, abuztuan kaleratzea aurreikusita bazegoen ere, irailean jarriko dute salgai.

Alde horretatik, Nintendo Europa eta Nintendo AEBk Twitter sare sozialaren bidez eman dute erabaki horren berri, eta nazioarteko hainbat hedabideren arabera, produktu berriaren salmenta mundu osoan atzeratuko dute.

Hedabide batzuen ustez, “Pokemon GO” bideo-joko arrakastatsuaren eguneraketa atzeratu egin da, eta, ondorioz, ezin liteke “Pokemon GO Plus” erabili. Horrenbestez, eguneraketa horren zain egongo lirateke produktu berria salgai jarri ahal izateko.

Pokemon GO Plus” eskumuturreko erloju baten antzekoa da, eta modu askotan jarri daiteke, besteak beste, intsignia batean edota eskumuturrekoan. Pokemonak ‘ehizatzea’ ahalbidetzen duen tresna berriak 39,99 euroko balioa du merkatuan, eta pokemon bat gertu dagoenean, argitu egiten da.

Uztailaren 6an kaleratu zuten “Pokemon GO” bideo-jokoa, eta, dagoeneko, arrakasta itzela lortu du mundu osoan. Hala, sakelakoaren GPS-a eta argazki-kamera erabiliz pokemonak ehizatzeko aukera ematen du Niantic konpainiak garatu duen aplikazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telefonia mugikorra berriak Eguneko albisteak Albisteak Bideo-jokoak