Itxi

Zientzia

Zientzia

Zientzia

#EKIN_zientzia

Zientzian aritzen diren emakumeei ikusgaitasuna emango die EITBk #EKIN_zientzia kanpainaren bitartez

EITB Media

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna dela eta, EITBko hedabideek genero-ikuspegiaren aldagaia kontuan hartuz lantzen ari dira gaia egunotan. Bestalde, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako 'Generoa eta zientziaren komunikazioa' jardunaldia zuzenean eskaini da.

  • Zientzian aritzen diren emakumeei ikusgaitasuna emango die EITBk #EKIN_zientzia kanpainaren bitartez

    Zientzian aritzen diren emakumeei ikusgaitasuna emango die EITBk #EKIN_zientzia kanpainaren bitartez

Aurtengo bigarren #EKIN kanpaina jarri du abian EITBk, zientzia ardatz hartuta. Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, #EKIN_zientziak ikusgaitasuna emango die zientzian aritzen diren emakumeei. Euren lana sustatu eta zabalduko dute EITBko hedabideek elkarrizketa eta erreportaje berezien bitartez. Gainera, komunikazio horretan genero aldagaia modu egokian erabiltzeko, glosario bat egin du EITBko Euskara Zerbitzuak. Dokumentu hori herritarren eskura dago EITB Taldearen webgunean

Bestalde, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, otsailaren 9an Bilboko Iberdrola dorrean egindako Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia babestu du EITBk. Bertan, zientzia eta ingurumen-, osasun-, teknologia- edo berrikuntza-gaietan adituak bildu dira, genero-ikuspegia nola landu eta hobetu daitekeen hausnartzeko. Eva Caballero Radio Euskadiko "La Mecánica del Caracol" irratsaioko kazetaria izan da hizlarietako bat, eta zuzenean jarraitu ahal izan da streaming bidez www.eitb.eus-en.  

EITBko hedabideek arreta berezia eskainiko diote, halaber, otsailaren 8tik 17ra egingo den Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioari. Hogeita lau euskal erakundek elkarrekin antolatutako jardunaldien helburu nagusia izango da gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasunak duen garrantzia azpimarratzea, guztion artean zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzeko. 50 ekintza baino gehiago egingo dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, zientzian diharduten emakumeen lana ikusarazi, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtu, eta neskek zientziako ikasketak hautatu ditzaten sustatzeko. 

Zientziari eskainitako bi podcast 

EITBPodkast atarian zientzia ardatz duten bi podcast topatuko ditugu. "Uhin Ultramoreak" tartean, Alaitz Ochoa de Eribe eta Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzaileek zientzia eta teknologiaren arloko gai interesgarrienak aztertzen dituzte ikusezina azaleratzeko teknika baliatuz. Gaurkotasuna eta mitoak ere hizpide izaten dituzte. 

"Zientzia gosaria" da bigarrena, igande goizetan Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan zientziari eskaintzen dioten tartea. Bertan, bi kolaboratzaile hauek dituzte: Amaia Arregi, DIPC, Donostia International Physics Center-eko zientzialari eta komunikazio teknikaria, eta Idoia Mujika, Materiaren Fisika Zentroko komunikazio arduraduna.