Itxi

EITB TALDEA

Audientzia

Eitb.eus-en errekorra 2015ean: 2 milioi erabiltzaile bakar hilero

eitb.eus | erredakzioa

Aurreko marka guztiak ondu ditu eguneko erabiltzaile bakar kopuruak ere, 87.300era iritsi baita eguneko batez bestekoa.

  • eitb.eus-en webgunea, sakelako telefonoan.

    eitb.eus-en webgunea, sakelako telefonoan. Argazkia: EiTB

Eitb.eus-ek, EiTB taldearen informazio eta entretenimendu webguneak, audientzia errekorrarekin amaitu du urtea, ia bi milioi erabiltzaile bakar izan baititu batez beste hilean, Google Analyticsen datuen arabera, OJD Interactivaren abenduko auditoriaren faltan.

1.980.000 dira batez beste hilero eitb.eus webgunean sartu direnak, behin behineko audientzia datu horien arabera.

EiTBk Interneten duen inplikazio sozialaren maila neurtzen duen beste adierazle nagusiak, eguneko erabiltzaile bakarrenak, goia jo du, batez beste 87.300 erabiltzaile bakarrekin. Euskal komunikazio publikoaren taldeak Interneteko ateak ireki zituenetik, 1996ko abenduaren 19tik, lortu dituen datu onenak dira. Urte berri honetan webguneak 20 urte beteko ditu.

Albisteak eta Kirolak

Hauteskunde urtea izan da 2015.a. Hala, EAEko Udal eta Foru hauteskundeetarako prestatutako webguneak jaso ditu bisita gehien, eta atzetik geratu dira euskarazko zinemari eskainitako ataria, Coca Colak eta Pepsik gazte bati emandako kalte-ordaina, euskal diseinatzaile batek Santa Agedako koplak Fashion Weeken jarri izana, eta Greenpeacek EAEn atzemandako puntu beltzen zerrenda.

Kiroletan, zuzeneko emanaldiak izan dira nagusi, eta jarraituenak pilota, futbola, txirrindularitza eta arrauna izan dira, ordena horretan.

Pilotan, eskuzko txapelketak nagusitu dira; futbolean, Athleticen kopako finala eta Superkopa; txirrindularitzan, Euskal Herriko Itzulia; eta arraunean, Kontxako bandera.

Kirol arloko bideo ikusiena, etorkizuneko izar batena izan da. Euzkitze txikia!!!

Telebista, Irratia, Gaztea eta Hiru3

Telebistaren atarian, ETB1en interes handiena piztu duen saioa 'Gu ta Gutarrak' izan da. ETB2n, berriz, 'El Conquistador del Fin del Mundo', 'La Noche de?'ren erreportajeen aurretik. Horiekin batera, ETBren webgune bidezko seinalea eta programazioa izan dira eduki ikusienak.

Irratian, Radio Euskadiren zuzeneko emisioa 140.000tik gora lagunek entzun zuten Interneten; Euskadi Irratiarena, 104.000k; EiTB Musikarena, 82.000k; eta Radio Vitoriarena, 44.000k.

Gaztean ere online emisioa izan zen webgunean gehien ikusiena, 131.000 erabiltzailerekin. Hala ere, abestien, bideoklipen eta gazteen eduki bereziak izan ziren eduki ikusienak, tartean 2015eko Korrikarekin lotutakoak.

Hiru3 haurren komunitateari dagokionez, 60.000 erabiltzaile bakar sartu ziren atarian, eta ia erdiek marrazki bizidunak ikusi zituzten euskaraz.