Itxi

EITB TALDEA

EiTB komunikazio taldea

Eraso sexisten aurkako 'Ez beti da ez' jardunaldia, gaur, EiTBn

A.E. | EiTB

Emakumeek jasaten dituzten erasoez ohartarazteko edukiak izango dituzte. Halaber, EiTBk martxan izango du uda guztian Ez beti da ez iragarki kanpaina hainbat aurkezleren partaidetzarekin.

0:24

Emakumeek jasaten dituzten eraso sexisten aurkako Ez beti da ez kanpaina jarri du abian EiTBk, eta uda guztian iragarkiak eskainiko dira telebistan eta irratietan. Halaber, gaur, EiTBko hedabide guztiek Ez beti da ez jardunaldia egingo dute errespetoan eta berdintasunen oinarritutako jarrerak sustatzeko. Hainbat irratsaio eta telebista programetan emakumeek pairatzen dituzten eraso matxisten inguruko edukiak izango dira.

Hartara, ETBn, ETB1eko 'Egun On Euskadi' albistegian, 09:00etan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatuko dute.

Bestalde, Xabier Lapitzek aurkezten duen 'En Jake' saioko tertulian Patricia Verdes abokatu eta Maria de Maeztu Forum Feministako kidea hartuko dute. 'En Jake'n egongo da, baita ere, Josetxu Riviere Gizonduz-eko kidea. Emakumeen ahalduntzeaz, eta gizarteak emakumeek pairatzen dituzten sexu gehiegikerien aurrean duen jarreraz hitz egingo dute solas mahaian Leire Pinedo, Eider Hurtado, Juan Muñoz eta Braulio Gomezekin.

'El Programa de Klaudio' saioan, berebat, Javier Peña Coca Ertzaintzako komisario ordea eta genero biolentzian adituari elkarrizketa egingo diote. Kasuen ugaritzearen aurrean Ertzaintzak duen protokoloaz, salaketa kopuruaz eta abar arituko dira.

Sanferminetako peñetako kideei, bestalde, iazko jaietako erasoak nola bizi izan zituzten galdetuko diete, eta azken boladan izandako erasoen errepasoa egingo du saioak.

Irratiei dagokienez, Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioa Donostiako Emakumeen Etxean izango da, eta eraso sexisten aurka egiten dituzten ekintzez arituko dira.

Radio Euskadiko 'Ganbara de Cerca' tarteak, berriz, gazteak ohartaraztea izango du xede. Beldur Barik lehiaketa irabazi duten Eibarko eskolako haurrak izango dituzte gonbidatu. Horrez gain, Emakundeko kide batekin Araba Euskarazen jarritako Beldur Barik guneei buruz hitz egingo dute. Azkenik, Esne Beltza taldeko kideak 'Ez da ezetz' abesti eta bideokliparen inguruan mintzatuko dira.

Radio Vitoriako 'El Mirador' irratsaioan Gasteizko Berdintasun eta Ahalduntze Eskola izango dute hizpide. Berebat, Maria Antonia Caro Buenos tratos, prevención de la violencia machista liburuaren egile eta Acción en Red eta Otras Voces Feministas gobernuz kanpoko erakundeetako kidea hartuko dute.

Gazteako esatariek, azkenik, EiTBn abian jarritako kanpainarekin egingo dute bat eta programazioan oihartzuna ematen saiatuko dira.

Telebista eta irratiko eduki hauek guztiak eta Ez beti da ez kanpaina berezia eitb.eus-en bilduko dute.