Itxi

EITB TALDEA

IKUS-ENTZUNEZKOEN AZOKA

'Seriesland Market' urriaren 24tik 26ra bitartean, Multibox aretoan

EITB.EUS

Ikus-entzunezkoen industriako puntako 50 enpresa Bilbon elkartuko dira, sortzaileekin harremanetan jartzeko.

  • Bilbo webserieen erakusleiho izango da gaurtik ostiralera bitartean. Argazkia: EiTB

Bilbo webserieen nazioarteko erakusleiho izango da gaurtik ostiralera bitartean, Bilboko Serie Digitalen Nazioarteko Jaialdia, Seriesland, dela eta. Mundu osoko ikus-entzunezkoen industriako puntako ia 50 enpresa eta telebista kate elkartuko dira egunotan Bilbon, sortzaile digitalekin harremanetan jartzea helburu. Jaialdiaren hirugarren ekitaldia hainbat gunetan ospatuko da eta Seriesland Market deituriko azoka EiTBren Multibox aretoan egingo da. Bestalde, jaialdiaren baitan 25 herrialdetako iritsitako 100 bat webserie proiektatuko dira Multicines aretoan ostegunera bitartean.

Bilboko Seriesland Market deiturikoa serie digitalei bideratutako lehen azoka da, eta sektore honetako profesionalei zuzendurik dago: batetik, jaialdian zehar akordioak itxi edota sareko eduki berritzaileenen berri jakin nahi duten profesionalei, eta, bestetik, ikus-entzunezko proiektuak izan eta finantzaketa edo banatzaileren bat bilatzen duten sortzaileei. Azoka EITBren egoitzako Multibox aretoan egingo da gaurtik ostiralera bitartean, eta gaur 11:00etan ireki ditu ateak.

Mundu digitalari eskainitako ekitaldi honek jarduera-programa osoa eta zabala izango du: "keynote-ak, "workshop-ak", "Pitching", "one to one" bilerak, "screening-ak", "networking" eta "matchmaking" ekitaldiak, mahai-inguruak ekoizpen etxeekin, aztertzeko kasuak eta hitzaldiak.

Ikus-entzunezkoen sektoreko puntako hainbat enpresa izango dira Seriesland Market azokan, besteak beste, Paramount, MTV, Studio +, Comedy Central, Globomedia, Viacom, Nickelodeon, Rockzeline, Netfall eta RTVE, eta ekoizteko eta emititzeko serie interesgarrien bila etorriko dira. Beste zenbait erakunde ere izango dira azokan, hala nola Eiken, Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko Klusterra eta Bilbao Bizkaia Film Commission.

Azokan hainbat gune egokituko dira, beren enpresak eta proiektuak aurkeztuko dituzten hainbat herrialderi eskainitako erakusmahaiekin: Munduko Kornerra (Dobago Films edota Media Empire), Iberoamerikako Kornerra (Macaco Films, Arcanoide edota Imaginario), AEBko Kornerra (Black Sheep Films, Tubeheads edota Neftall) eta Euskal Kornerra (BiFic, Next Station edota Inkubasque).

Hitzaldiak eta proiektuak

SeriesLand Market azokan hitzaldi eta mahai-inguruen egitarau zabala izango da: ikus-entzunezkoan sektoreko lege-alderdiak, nola negoziatuko ikus-entzunezkoen merkatuko enpresa handiekin, eta kanpoko egoera zein den, besteak beste AEB, Txina eta Argentinan. Halaber, sektorearen joerak eta erronkak ere jorratuko dira azokan.

Bestalde, ikus-entzunezko digitalen munduko enpresa garrantzitsuak ere Bilbon bilduko dira beren estrategiak eta proiektuak aurkezteko. Hala, Bilboko jaialdian izango dira, besteren artean, Julian Hansmann, Netfall plataformari eta bertako eduki esklusiboei buruz hitz egiten, eta Antoine Disle, Rockzeline konpainiakoa, serie batzuen trailerrak aurkezten eta serieak ekoizteko eta banatzeko aukera eskaintzen. Teknologia berriak aurkeztu eta zabaltzeko plataforma ere izango da Seriesland, Immersion sistema edo Seeka TV kasu.

EPE/APV Euskal Ekoizleen Elkarteak, berriz, sortzaileen artean "Work in Progress" ekimena zabaltzeko baliatuko du jaialdia. Aipaturiko ekimenak ikus-entzunezko proiektuak (besteak beste, serie digitalak) ekoizteko baliabideak eskaintzen ditu. Horrez gain, euskal zuzendari eta gidoilariek aukera izango dute Next Station ekimenaren berri jakiteko.