Itxi

EITB TALDEA

Sanferminak 2023

ETB1ek sanferminetako entzierroak eskainiko ditu aurten ere

EITB Media

Iban Garatek "Entzierroa" saioa aurkeztuko du egunero, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta Radio Vitoriak ere entzierroak eskainiko dituzte zuzenean. Halaber, txupinazoa eta "Gaixoa Ni" ekitaldiak zuzenean emango dira EITBko hedabide guztietan.

  • ETB1ek sanferminetako entzierroak eskainiko ditu aurten ere

    ETB1ek sanferminetako entzierroak eskainiko ditu aurten ere

EITB buru belarri murgilduko da 2023ko sanferminetan Iruñean biziko den jai giroan. Txupinazoaren zuzeneko emanaldiarekin hasita, eguneroko jarraipena emango diete EITBko hedabide guztiek San Fermin jai ospetsuei. 

Aurten ere, entzierroen zuzeneko emanaldia izango da, egunero, ETB1en eta eitb.eus-en. Goizero, "Entzierroa" saio bereziak Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituen emozioz beteriko lasterketa eskainiko du 07:45etik aurrera. RTVEkin lortutako elkarlan hitzarmenari esker, iaz bezala, entzierroen emozio guztia telebistaz jarraitu ahal izango da, zuzenean, Iban Garatek  gidatuko duen saioan.    

Horretarako, hainbat gonbidatu eta adituekin ariko da solasean Iban entzierroen inguruan: korrikalariekin, zezen adituekin, Iruñeko kazetari eta beste hainbat iruindar eta nafarrekin, gertatzen den guztia ondo azaltzeko eta ulertzeko. Horrez gain, programan, lau erreportari nafar ere izango dira: Anabel Arraiza, Iñigo Ziganda, Iñaki Ainciburu eta Albina Stardust.

EITBko irratiek ere zuzenean eskainiko dituzte entzierroak: Aritz Agirrek eta Aitor Perezek egingo dute emanaldiaren kontakizuna Radio Euskadin eta Radio Vitorian, eta Iñaki Berastegik eta Patxi Irigoienek Euskadi Irratian. 

Txupinazoa, uztailaren 6an Aurten telebistarako set berezia izango da Los Burgos plazan. Bertatik egingo da txupinazoaren kontakizuna eta udaletxe plazan eta udaletxe barruan izango diren erreportariekin konexioak.

Aurkezlea Ilaski Serrano izango da eta Ilaski bera eta Iban Garate izango ditugu saioaren hasieran. "Entzierroak" saioaren aurkezlek kontatuko ditu saio berezi horren xehetasunak, baita sanferminetako zenbait irudien kontakizuna egin ere.  Horren ostean, Iban Garate Iruñeko udaletxe barrura joango da, txupinazoaren aurretik eta ondoren, bertan bizi den giroa kontatzeko eta protagonistei elkarrizketak egiteko. Ondoren, Martxelo Sotes aditua hartuko du Ilaskik, eta elkarrekin egingo dute txupinazoaren eta festak ematen dituen irudien kontakizuna. Udaletxe plazan, azkenik, Egoitz Txurruka izango da, bertan bizi den giroa kontatzeko eta elkarrizketak egiteko. Profesional talde horrek berak gidatuko du, zuzenean ere, jaiei amaiera emango dien Gaixoa Ni ekitaldia uztailaren 14an.

EITBko irratiak ere Iruñean izango dira sanferminetan. Radio Euskadiko "Boulevard" saioa bertatik egingo da uztailaren 6an, eta Xabier Garcia Ramsden festaren gune garrantzitsuenetan murgilduko da. Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrekin egingo dute txupinazoaren zuzeneko emanaldia. 

Gazteako "Didafresh" saioak zuzenean eskainiko du txupinazoa Iruñetik bertatik, Gaztelu plazatik egingo duten saio berezian. 

Euskadi Irratiko "Faktoria magazina", berriz, San Fermin egunean egingo da Iruñetik. Gonbidatu bereziak hartuko dituzte eta zuzeneko musika izango dute. 

Dokumentalak eta jarraipen informatibo zabala 

Sanferminetako programazio berezia Zure bizitzako azken sanferminak dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da asteazken honetan, uztailaren 5an, 22:15ean, ETB1en. Filma uztailaren 6an eskainiko da ETB2n, 22:30ean, Los últimos sanfermines de mi vida izenburupean. Pablo Iraburu eta Itsaso Echeverriaren zuzendaritzapean, Nafarroako Arena Comunicación, Labrit Multimedia eta Clau Creative ekoiztetxeen bigarren proiektu kolaboratiboa da. Gaizka Arangurenek San Fermin jaien esentzia aztertzen du bertan. 

Sanferminetako jai-giro gurera ekartzeko, EITBko hedabide guztiek zuzeneko konexioak egingo dituzte hiriko kaleetan, eta festak ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko dituzte erreportajeen bidez. Besteak beste, sanferminek presentzia nabarmena izango dute "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, baita "Biba Zuek!" saioan ere, astelehenean estreinatuko den "Gora Bihotzak" programa berrian, eta "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" eguneroko saioetan. 

Bestalde, Amaiur Elizarik aurkeztutako "Navarra Hoy" programak sanferminetako bi saio monografiko eskainiko ditu, uztailaren 7an eta 14an, Nafarroarako deskonexioan. Jaien jarraipen zabala egingo dute, jai-ekitaldi garrantzitsuenak, kaleko giroa, entzierroak eta sanferminetan gertatzen den guztia bilduz. 

Radio Euskadi, Radio Vitoria, Euskadi Irratia eta Gaztea irratiek egunero emango dute San Fermin jaietako azken orduaren berri goizeko eta arratsaldeko saioetan, gonbidatu berezi eta zuzeneko konexioekin. 

Azkenik, eitb.eus-ek sanferminen inguruan sortuko diren eduki guztiak bilduko ditu webgune berezi batean eta jaien ekitaldi nagusienak streaming bidez eskainiko ditu (txupinazoa, Gaixoa Ni, pilota jaialdiak eta saio bereziak, besteak beste.) Halaber, EITBk sanfeminetako azken orduaren berri emango du sare sozialetan, baita EITBko hedabideek egingo dute jaien inguruko jarraipena ere. 

Musika eta kirolak 

Halaber, uda honetan  ere "Lau Teilatu" musika ekimena jarriko du martxan Euskal Telebistak. Hala, uztailaren 8an, 22:15ean, Janus Lester abeslariaren kontzertua eskainiko da Baluartetik, Ilaski Serranok aurkeztuta, ETB1en. Ondoren, iaz Iruñean grabatutako Puro Relajoren kontzertua izango da ikusgai. 

Gainera, San Fermin pilota txapelketa zuzenean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Torneoko finalak, emakumeena (uztailak 8) eta gizonezkoena (uztailak 14), Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere jarraitu ahal izango dira; eta Nafarroako Lau t'erdiko Txapelketako finala telebista eta irratietan izango da ikusgai uztailaren 7an.