09:44

Gaztea

Bilbao BBK Live

Bilbao BBK Livek goia joko du gaur, Arctic Monkeys, 070 Shake, eta Idlesen zuzenekoekin

B. F. | EITB Media

Euskal taldeek ere presentzia nabarmena izango dute azken eguneko kartelean: Hofe X 4:40, Merina Gris eta Eneritz Furyakek zuzenean joko dute larunbat honetan.

  • 070 Shake

    070 Shake. Argazkia: @dvxglobal

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iritsi da azken indarrak agortzeko eguna. Bilbao BBK Livek gaur itxiko ditu ateak, hiru eguneko erakustaldi ikusgarriaren ostean. Arctic Monkeys, 070 Shake eta Idles izen nagusiez gain, badago zer gozatu.

Egunero legez, Basoak irekiko du programazioa, 17:00etan, Fernanda Arrauren zuzenekoarekin. Gero, Gazzi (19:30), Young Marco (22:00), Avalon Emerson (01:00) eta John Talabot (04:00) izango dira zuhaitz arteko festari urrezko krisketa jarriko dioten artistak.

Nagusia oholtzan, Rojuu kataluniar artista izango da jotzen lehena, 18:25ean. Atzetik joango dira The Last Dinner Party londrestar rock boskotea (20:15) eta Arctic Monkeys eguneko kartelburua (22:15). Bukatzeko, norvegiar elektronika, Röyskoppen eskutik (01:50).

Hofe X 4:40k irekiko dute San Miguel agertokia, 17:40ean. Gero, Perfume Genius (19:20) eta Love Of Lesbianen (21:25) txanda izango da. Hiru ordu beranduago, Idles kartelburuak beteko du gunea, Leftfielden elektronikari bidea zabaldu aurretik (03:15).

Beefeaterren, Eneritz Furyak iruindarrak joko ditu eguneko lehen notak, 17:30ean. Gero, Judeline bakarlariaren txanda izango da, 19:20ean. 21:30ean, 070 Shake New Jerseyko rap musikariaren txanda izango da. Young Fathers (00:45) eta Neo Pisteak (03:10) ekingo diote gauari, larunbateko azkenaren aurretik. Dani Less & DJAKE & Zaza djek itxiko dute 2023ko Bilbao BBK Live, 4:30ean hasiko den zuzenekoarekin.

Merina Gris donostiarrek irekiko dute Txiki oholtza, 18:20an. Cala Vento bikotea joango da atzetik, 20:15ean, Casa Linda izeneko albuma estreinatu berritan. Atzetik, Coucou Chloe (23:15) eta Arde Bogotá (01:45).

Firestone agertokian, Menta (17:30), La Paloma (19:15) eta Miss Grit (21:30) arituko dira.

Lasai gunean, Dinamarca artistak fantasilandia izeneko seta aurkeztuko du, 19:00etan. Ghazalek hartuko dio lekukoa, 21:00etatik aurrera. Gero, Linnéa (23:00), Kebra (01:00) eta Sukumons (03:00).

Gaztea, Bilbao BBK Liven

Aurten ere, Kobetamendin izango da Gaztea. Egunero saio berezia egingo dute Maite Garmendia, Ibon Fernandez eta Alain Perezek, 20:30etik 21:30era.

Festibalean gertatzen den guztiaren berri behar bezala emateko, txoko berezia prestatu dugu. Iazko legez, San Miguel oholtzaren ondoan egongo da gure seta. Bertatik pasatuko dira jaialdian joko duten artistak eta gonbidatu bereziak. Gurera gerturatzeko aukerarik ez dutenek programaz zuzenean gozatzeko aukera izango dute, gure YouTubeko kanalean eta webgunean. Izan ere, saioa streaming bidez ikusteko parada izango da, baita irrati bidez entzuteko ere.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean