10:00

Gaztea

Bilbao BBK Live

Bilbao BBK Livek gaur ekingo dio 17. edizioari, Florence+The Machine, M83, Fever Ray eta Amaiarekin

B. F. | EITB Media

17:00ak aldera entzungo dira aurtengo lehen akordeak. Zazpi oholtzetan banatuta, gustu eta kolore guztietako eskaintzaz gozatzeko aukera izango da. Txopet eta Bengo izango dira lehen eguneko euskal artistak.

  • Florence+The Machine

    Florence+The Machine. Argazkia: Lillie Eiger

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bilbao BBK Livek gaur irekiko ditu ateak, 17:00etan, Kobetamendin. Jaialdiaren hamazazpigarren edizioa indartsu dator lehen egunetik, Florence+The Machine, M83, Fever Ray, Amaia, The Chemical Brothers, Delaporte eta ARCA kartelburuekin.

Iazko legez, zazpi gunetan banatuko da festibaleko musika eskaintza: Nagusia, San Miguel, Beefeater, Txiki, Firestone, Basoa eta Lasai. Lehen bietan, jaialdiko kartelburu nagusiak arituko dira; Lasai eta Basoan, ostera, musika elektronikoak eta naturak bat egingo dute, dagoeneko klasiko bihurtu den esperientzian.

Basoan entzungo dira osteguneko lehen doinuak, 17:00etatik aurrera, Sama Yaxen eskutik. Gero, Violet (19:30), Haai (22:00), ANZ (01:00) eta Call Super (03:00) DJek hartuko dute lekukoa.

Nagusia oholtzan, EEE GEEk irekiko du arratsaldea, 18:25an. Ondotik joango dira Amaia iruindar bakarlaria (20:10), Florence+The Machine (22:40) eta The Chemical Brothers bikotea (01:40).

San Miguel agertokian, Alex Xerra & Totidub izango dira lehenak, 17:40an. Jarraian, 19:15en, RY X australiarraren txanda izango da. Atzetik, eguneko apustu nagusietako bat: M83 frantziarren zuzenekoa, 21:20an. Gaua ixteko, Fever Ray suediarraren pop eta elektronika doinuak (00:20) eta ARCA venezuelar artistaren ikuskizuna (03:15).

Beefeater oholtzan, aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketako irabazleak izango dira jotzen lehenak: Txopeteko kideek 17:30ean eskainiko dute zuzenekoa. Friolentorena izango da hurrengo kontzertua (19:20), eta Villano Antillano puertoricar artista urbanoak hartuko dio testigua (21:35). Gero, Playback Maracas kataluniar hirukoak estreinatu berri duen Blanco Oscuro EPa aurkeztuko du, 00:35ean. Azkenik, Bartzelonako Razzmatazz areto ikonikoko FUEGO jaildiak Kobetamendi hartuko du, DREA b2b YIBRIL + Hundred Tauro  artistekin (03:30).

Jaialdian sartu bezain pronto ikusiko dugu Txiki agertokia. Bertan, Colectivo Da Silva (18:25), Dry Cleaning (20:10), Desire (23:10) eta Delaporte (01:50) arituko dira.

Faxuren hyper popak zabalduko du Firestone karpako egitaraua. Atzetik, Bengo oiartzuar bakarlaria (19:15) eta Art School Girlfrienden dream popa (21:30).

Aurten ere, Lasai izeneko arnasgunea izango da jaialdian. Kobetamendiko begiratokian kokatutako oholtzak Formica (19:00), Olivia (21:00), Xamana Jones (23:00), Phoebe (01:00) eta DJ Der (03:00) artistak hartuko ditu.

Gaztea, Bilbao BBK Liven

Aurten ere, Kobetamendin izango da Gaztea, uztailaren 6tik 8ra bitartean. Egunero saio berezia egingo dute Maite Garmendia, Ibon Fernandez eta Alain Perezek, 20:30etik 21:30era.

Festibalean gertatzen den guztiaren berri behar bezala emateko, txoko berezia prestatu dugu. Iazko legez, San Miguel oholtzaren ondoan egongo da gure seta. Bertatik pasatuko dira jaialdian joko duten artistak eta gonbidatu bereziak. Gurera gerturatzeko aukerarik ez dutenek programaz zuzenean gozatzeko aukera izango dute, gure YouTubeko kanalean eta webgunean. Izan ere, saioa streaming bidez ikusteko parada izango da, baita irrati bidez entzuteko ere.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean