Itxi

hauteskundeak

hauteskundeak

hauteskundeak

A21

EAEko indar politikoek gauerdian helduko diote kanpainaren demari

EITB Media

EAJk, EH Bilduk eta Voxek irekiko dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina Gasteizen; PSE-EEk, PPk eta Podemosek, berriz, Bilbon, eta Sumarrek Donostian.

  • EAEko indar politikoen lehendakarigaiak. Irudia: eitb.eus

    EAEko indar politikoen lehendakarigaiak. Irudia: eitb.eus

Euskal Autonomia Erkidegoko indar politikoek gauerdian helduko diote kanpainaren demari, eta, horrela, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako atzerako kontaketa hasiko da. EAJk, EH Bilduk eta Voxek Gasteizen irekiko dute kanpaina, PSE-EEk, PPk eta Podemosek Bilbon, eta Sumarrek Donostian.

Kanpaina ostegunetik ostiralerako gauerdian hasiko da ofizialki, baina, ohi bezala, alderdiek ostegun arratsalde-gauera aurreratuko dituzte ekitaldiak.

Bi faboritoek, EAJk Imanol Pradalesekin, eta EH Bilduk Pello Otxandianorekin, Gasteizen abiatuko dituzte ekitaldiak, gaueko bederatzietan lehenengoak eta zortzi eta erdietan ezker abertzalea Santa Barbara plazan.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea Eneko Andueza hautagaiari babesa ematera joango da Bilbora.

PPren kasuan, Cuca Gamarra alderdiko idazkari nagusia izango da Javier De Andres lehendakarigaiarekin Bilbon.

Bizkaiko hiriburuan ere, Euskalduna jauregian, Podemosek hasiko du kanpaina, Irene Montero ministro ohi eta Europako hauteskundeetarako alderdi morearen zerrendaburua bertan dela, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiarekin batera.

Sumar Donostiako Aquariumean izango da, Alba Garcia lehendakarigaiarekin.

Azkenik, Vox eskuin muturreko alderdiak Gasteizko Santo Domingo plazan irekiko du kanpaina, eta ostiralean Santiago Abascal presidenteak Amaia Martinez lehendakarigaiari babesa emango dio Bilbon egingo den beste ekitaldi batean.