Itxi

hauteskundeak

hauteskundeak

hauteskundeak

A21

EAEko indar politikoak kanpainan murgilduta daude dagoeneko

EITB Media

EAJk, EH Bilduk eta Voxek ireki dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina Gasteizen; PSE-EEk, PPk eta Podemosek, berriz, Bilbon, eta Sumarrek Donostian.

  • Kanpaina hasierako ekitaldiak. Irudia: EFE/eitb.eus

    Kanpaina hasierako ekitaldiak. Irudia: EFE/eitb.eus

Euskal Autonomia Erkidegoko indar politikoak kanpainako bi aste bizietan murgilduta daude dagoeneko, eta, horrela, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako atzerako kontaketa hasi da. EAJk, EH Bilduk eta Voxek Gasteizen ireki dute kanpaina, PSE-EEk, PPk eta Podemosek Bilbon, eta Sumarrek Donostian.

Kanpaina ostegunetik ostiralerako gauerdian hasiko da ofizialki, baina, ohi bezala, alderdiek arratsalde-gauera aurreratu dituzte ekitaldiak.

Argazkia: EFE

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia, kanpaina hasiera ekitaldian, Gasteizen. Argazkia: EFE

EAJko buruzagi nagusiek hauteskunde kanpaina hasi dute Gasteizen, hautesleak mobilizatzeko deia eginez eta euskal herritarrei ohartaraziz hauteskunde hauetan alderdi jeltzaleak eskaintzen duen ongizate ereduaren edo EH Bilduren ereduaren artean aukeratu behar dela. Jeltzaleen hitzetan, koalizioa abertzalea beti "kontra" egon da, "boterera heltzeko helburuarekin". EAJk Andre Maria Zuriaren plaza aukeratu du, abuztuan hiriko jaien erdigunea izango dena, kanpainari hasiera emateko.

Argazkia: EFE

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, kanpainaren hasiera ekitaldian. Argazkia: EFE

EH Bilduk ere Gasteizen abiatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, gaur arratsaldean, Santa Barbara plazan egin duen ekitaldi politikoan. Ekitaldian hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Rocio Vitero Gasteizko zinegotziak. "Gaur, hemen, esan dezakegu beharrezkoa den aldaketa politikoa posible dela. Posible da, eta orain da. Eta beti bezala egingo dugu, elkarrekin, bultzada berri bat eskainiz, beharrezko bultzada. Irribarrez eta indarrez datorren aldaketaren olatuarekin gero eta konpromiso gehiago hartuz", adierazi du Otxandianok.

Argazkia: EFE

Eneko Andueza eta Maria Jesus Montero PSE-EEren kanpaina hasiera ekitaldian. Argazkia: EFE

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren ustez, kanpaina hau "guztiz erabakigarria" da Euskadiren etorkizunerako, "politika sozialak martxan jarriko dituen gobernu aurrerakoia edo gutxi batzuentzako gobernu identitarioa" izatea baitago jokoan. Hauteskunde kanpainaren hasierako mitinean, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta PSOEko idazkariorde nagusia izan du lagun Anduezak.

Argazkia: EFE

Javier de Andres lehendakarigaia eta Cuca Gamarra PPren ekitaldian. Argazkia: EFE

Javier de Andres PPko presidente eta lehendakarigaiak adierazi duenez, aldaketaren boto-paper bakarra PPrena da, EAJren "eredu zaharkituaren" aurrean. Jeltzaleek, EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemosek "lau urte elkarrekin gobernatzen" daramatzaten "laukoa" osatzen dutela nabarmendu du. Cuca Gamarra Alderdi Popularreko idazkari nagusiarekin batera, kanpaina ireki du PPko buruzagiak, Bilboko hotel batean egindako ekitaldi politiko batekin. Bertan adierazi duenez, PP "alternatiba zentratua da, euskal herritarrok behar dugun Euskadi irekia".

Argazkia: EFE

Miren Gorrotxategi eta Irene Montero Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdearen ekitaldian. Argazkia: EFE

Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea kanpainaren irekiera ekitaldian, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak "aldaketaz ez hitz egiteko" eskatu die PSE-EEri eta EH Bilduri, izan ere, bi indar horiek "EAJrekin gobernatzeko asmoa dute". Ekitaldi berean, Irene Montero Berdintasun ministro ohi eta Europako hauteskundeetarako Podemosen zerrendaburuak ziurtatu du bere koalizio morea dela botoak "EAJren poltsikoan" ez amaitzea bermatu dezakeen bakarra, "haren aberri bakarra oligarkiak eta multinazionalak denean".

Argazkia: EFE

Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia, Donostian. Argazkia: EFE

Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak Donostian eman dio hasiera kanpainari, eta bere alderdia Eusko Legebiltzarrean "indartsu sartzeko" deia egin du, "40 urte gauza bera egiten daramatenek gobernatzen jarrai ez dezaten". Garcia izan da mitinaren protagonista, Aquariumean, Andeka Larrea Gipuzkoako zerrendaburuarekin, Jon Hernandez Arabako hautagaiarekin eta Carmen Muñoz Equo Berdeak alderdiko bozeramailekidearekin batera.

Argazkia: EFE

Amaia Martinez Voxen lehendakarigaia. Argazkia: EFE

Azkenik, Amaia Martinez Vox alderdi ultraeskuindarraren lehendakarigaiak iragarri du datorren legealdian legez kanpoko immigrazioak eragindako segurtasun eza murrizteko lan egingo duela, eta, horretarako, kalean poliziaren presentzia areagotuko duela eta Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin lankidetza indartuko duela. Gasteizko Aldabe auzoan kanpaina hasi eta kazetariei egindako adierazpenetan, Martinezek auzo horren kasu zehatza aipatu du: "segurtasunik eza areagotu egin da kontrolik gabeko legez kanpoko immigrazioak gora egin duelako".