Itxi

Herriak eta Hiriak

Eraso matxistak

Donostiako Udalak 'Ez, ezetz da' kanpaina aurkeztu du, jaietarako

EITB.EUS

20.000 informazio gida banatuko dituzte neska-mutilen artean, eraso matxisten aurrean nola jokatu gomendatuz.

  • 'Ez, ezetz da' kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak. Argazkia: Donostiako Udala.

Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako 'Ez, ezetz da' kanpaina antolatu du, bereziki Aste Nagusiari, Euskal Jaiei eta iraileko Kontxako estropadei begira.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute kanpaina kazetarien aurrean. Berdintasun zinegotziak azken aldian hirian izandako eraso matxistak gogoratu ditu eta eskerrak eman dizkie "egoera txar horretatik igaro ondoren" salaketa jartzea erabaki duten emakume guztiei. "Salaketak ematen du aukera "esku hartzeko, erasotzaileen atzetik joan eta atxilotzeko", azpimarratu du.

Aurtengo kanpainari dagokionez, 'Ez, ezetz da', mugimendu feministaren goiburu historikoa erabili nahi izan du Udalak. Agirrezabalagaren esanetan, "mezu positiboa" helarazi nahi diete neskei; biktima pasibo ez izatera animatuz eta indarkeriari aurre egin diezaioketela kontzientzia hartuz. Mutilei, berriz, eraso matxisten aurrean "jarrera aktiboa" izateko deia egiten diete.

Gaur aurkeztu duten kanpainaren baitan hainbat dokumentu banatuko dituzte; esaterako, 20.000 informazio gida neska-mutilen artean, liburuxkak etxebizitzatan, gida bereziak taxi gidari eta autobus gidarien artean eta material informatiboa, tabernatan.

Gainera, Aste Nagusiaren baitan pankarta espezifiko bat eskegiko dute udaletxeko balkoian eta informazio gune bat jarriko dute Boulevardean.

Bestalde, ekainean autodefentsa feministako bi saio izan dira eta urrirako beste bi saio antolatu dituzte eskaera handia dagoelako.