Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZ

Zorroztasun-greban daude Gasteizko udaltzainak

EITB.EUS

2006tik hitzarmenik gabe daudela eta udaltzain gehiago behar direla aldarrikatzeko hasi dute ezohiko greba mota hau. Arau-hauste guztiak  zigortzen hasi dira, baita oinezkoek egindakoak ere.

Gasteizko udaltzainak zorroztasun-greban daude joan den astetik, lan-hitzarmena eta agente gehiago eskatzeko. Lana zorrotz egiteko greba da, lana bera trabatzerainokoa. Hala, arau-urratze guztiak, txikiena izanda ere, zigortzen ari dira.

Azaroaren 24an eta 25ean egindako batzarretan erabaki zuten, gehiengoz, protesta mota honi ekitea.

Auto-gidarien eta moto-gidarien portaera desegokiak ez ezik, txirrindularienak eta oinezkoenak ere zorrotz begiratzen ari dira, eta, urraketaren bat atzemanez gero, txikiena izanda ere, zigortu egiten dute.

Zeresan handia ematen ari da Udaltzaingoaren greba hau herritarren artean, kalean eta sare-sozialetan.

Gasteizko Udalak, oraingoz, ez du horren inguruko baloraziorik egin, eta udaltzainek ez dutela greba deitzeko jakinarazpen ofizialik egin besterik ez du esan.