Itxi

Faktoria

Sukaldaritza

Patrizia Vitelli txoriak baino goizago jaikita etortzen da "Txoriene"ra

Ane Albisu | EITb Media

Euskal Telebistako "Txoriene" saioan Zigor Iturrietaren alboan agertu zaigu Patrizia Vitelli. Ikasle pisuan amama Juani eta amama Tereri errezetak eskatuz hasi zen sukaldean ikasten, eta ametsen basoan eskatutakoa betetzera iritsi da: sukaldaritzako saioa telebistan.

  • Patrizia Vitelli

    Patrizia Vitelli

    18:28 min
imagen player
imagen player
imagen player

Patrizia Vitellik The Godfather filmean deskubritu zuen Apolonia Vitelli, Michael Corleoneren lehen emaztea, eta orduan hasi zen Vitelli deitura erabiltzen, berez Varela duen arren. Zuzenbidea ikasten hasi, mojen erresidentziatik askatasun bila ikasle pisura joan, eta amak esan zion sukaldean ikasi beharko zuela, bera ez zela tupperak prestatzen ibiliko. Orduan hasi zen amamei laguntza eske eta sukaldaritzan murgiltzen. Amamak, sarea eta liburuak izan ditu formazio iturri. Errezeta liburuak maite ditu, bi gela ditu sukaldaritzako errezeta liburuz beteta "Faktoria" saioan kontatu digunez.

Zuzenbideko ikasketak utzi, eta Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasi zuen. Ikasketen ondorioz, bidaia asko egin ditu, eta Bilbao Food Tours enpresa sortu ere bai. Turistei, Bilbon, esperientzia gastronomikoak eskaintzen dizkie. Gilda omen da gehien gustatzen zaien pintxoa.

Patricia Vitelliren errezetak kontsultatzeko, Instagrameko @foodiario kontua jarraitu dezakezue, eta lanean ikusteko, Euskal Telebistako "Txoriene" saioa piztu. Getxon bizi da Patrizia, eta Txoriene Donostian grabatzen da. Garraio publikoa erabiltzen du mugitzeko eta hiru ordu behar izaten ditu goizeko zortzietarako Miramon-era iristeko. Horregatik esan dugu txoriak baino goizago jaikita etortzen dela.