Itxi

Gertukoak

Kantua, dantza, antzerkia

Larrain Dantza, ereserki bihurtuta

EUSKADI IRRATIA | Aritz Agirre

"Larrain Dantza, Nafarroatik lau haitzeetara" auzolanean sortutako herri ikuskizuna da, lehenbiziko aldiz Larrain Dantza kantatzeko aukera ematen duena. Otsailaren 10 eta 11an, Atarrabian.

  • 3:46 min
imagen player
imagen player
imagen player

Larrain Dantzaren letra, Mikel Tabernak idatzitakoa, bizipozaren kantua da. "Larrain Dantza, Nafarroatik lau haitzeetara" auzolanean sortutako herri ikuskizunak Larrain Dantzaren sorrerara garamatza, 1903. urteko abuztuaren 27ra, Lizarran Alfonso XIII.a erregearen bisita jaso zuten egunera. Eskenatokiaren gainean 180 pertsonek parte hartzen dute; dantzariak, kantariak, musikariak eta aktoreak. Dantza antzerkiarekin, musika eta abesbatzen kantuarekin uztartzen dute. Era horretan, Lizarrako nortasun sinboloa den Larrain dantza, Euskal Herriko plaza askotara zabaldu dena, ereserki bilakatu dute.

Ikuskizunaren gidoiak egoera historiko zehatz bat islatzen du: Gerra karlisten porrotaren ostean, garaile, errege borboiak Lizarrari egiten dion bisita. Bisita horrek herritarrengan sortu zituen kontraesan eta tentsioak jasotzen ditu. Alfonso XIII.a erregeari ongi etorria emateko sortu eta estreinatu zen Larrain Dantza.

Ikuskizun honek Julian Romano gaiteroa omentzen du, berak idatzi baizuen Larrain dantzaren lehenengo partitura. Baina, era berean, bere ondoren dantza hau moldatu eta berritu zuten musikariei ere aitortza egiten die. Herri giroko auzolan honetan lau abesbatzek parte hartu dute (Atarrabia, San Andrés, Mirua eta Ereintza abesbatza). Horiekin batera, Ezpelur fanfarrea, "El Bardo" antzerki taldea eta Lizarra zein Atarrabiako dantzariak. Urtarrilaren 27an etxean, Lizarran, egin zuten estreinaldia. Datozen otsailaren 10 eta 11n Atarrabian interpretatuko dute. Helburua, Larrain Dantza Nafarroatik lau haizeetara zabaltzea da.