Itxi

Irratia

LGTBI+ HARROTASUNA

EiTBko irratiak, LGTBI+ Harrotasunaren Astearekin bat

EITB

'Graffiti'k eta 'Mezularia'k saio bereziak egingo dituzte, eta Gazteak Bilbao Pride jaialdian parte hartuko du.

LGTBI+ Harrotasuna aldarrikatzeko astea dela eta, EiTB Taldeko irratiek ospakizuna eurena egin nahi izan dute, ekimen hau antolatzen duten erakunde eta kolektiboekin elkarlanean arituta. Gehiturekin, Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkartearekin batera irratiek jendaurrean egingo dituzte hainbat saio berezi.

Radio Euskadiko 'Graffiti', Bidebarrieta Liburutegian

Ostegunean, ekainak 22, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian izango da Radio Euskadiko 'Graffiti' irratsaioa. 17:00etatik aurrera ikusgai eta entzungai izango den saio berezia prestatu dute. Mundu osoko LGTBI+ kolektiboaren eskubideen inguruko gaiak jorratuko dituzte elkarrizketa eta mahai-inguruetan. Hasteko, Iñigo Lamarka  ararteko ohi eta Gehitu elkartearen sortzaile eta militante historikoa izango dute solaskide. 1977an ospatu zuten Bartzelonan Harrotasunaren aldarria egiteko historiako lehenbiziko martxa, eta 40. urtemuga dela eta, Lamarkak genero identitatearen inguruan, espainiar estatuan, legeetan egon den garapena aztertuko du.

Bestalde, Charo Alises, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatuko Federazioko (FELGTB) ordezkaria Madrilgo Kongresuan iragan hilabetean aurkeztutako lege-proposamenari buruz jardungo da. Ondoren, Elena Olaortuak, Aldarte, Lesbiana, Gay eta Transexualen Arreta Zentroko kideak, Euskadiko egoera hartuko du hizpide nagusi. Berdindu eta Eraberean sareak zer diren eta ze helburu dituzten azalduko du.

Aurten, transexualek jasaten duten diskriminazioa izan da gai nagusi gaurkotasun- albisteetan. 'Graffiti' saioak Izaro Antxia hartuko du solaskide. Kirol munduan zailtasunak eta bazterketa bizi izan ditu Izarok, eta Euskadi mailan, gaur egun araudia nolakoa den azalduko du. Halaber, Hazte Oír erakunde espainiarraren aurka jarri duten salaketaz mintzatuko da Chrysalliseko Bea Sever.

Gori dauden gaiak jorratzen jarraituta, errefuxiatuen auzia ekarriko dute gogora, kasu honetan, sexu-orientazioaren ikuspuntutik. Amnistia Internacional erakundeko aktibista da Aimar Rubio, eta Txetxenian eta Afrikako eta Asiako hainbat herrialdeetan egun bizi den egoeraren gainbegiratua egingo du. Gero, Oscar Arroyuelok EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoan aztertzen dituzten gaiak azalduko diru.

Kontu jostagarriagoei helduta, zineman, bideojokoetan edota musikan LGTBI+ gaiak nola txertatzen diren ezagutuko dute ikus-entzuleek. Eta Bilbao Pride jaialdiaren zehetasun guztien berri emateko, Fabio Gonzalez eta Unai Goikolea izango dituzte gonbidatu.

Gonbidatu eta gonbidatu artean, Javier Liñerak Barro rojo obraren pasarte batzuk eskainiko ditu, eta Koldo Vazquezek, berriz, +Positivo lanarenak. Ortzadar abesbatzak kanta bat abestuko du, eta Yogurinha Borovak ere bere abestirik ezagunenak eskainiko ditu.

Euskadi Irratiko 'Mezularia', Donostiako Tabakaleran

Ostiralean, ekainak 23, Donostiako Tabakalera irrati-estudio bilakatuko du Euskadi Irratiko 'Mezularia' irratsaioak. LGTBI+ kolektiboaren aldarriak aztertzeko mahai-ingurua antolatuko dute Kutxa Kultur Klubean. Ainhoa Etxebeste gidariak, euskal gizarteko hainbat lagun adierazgarri izango ditu lagun, bakoitzak bere bizipen pertsonalak kontatu eta eskubideen borrokan egiten duten lana jakitera emateko.

Gaztea, Bilbao Pride Jaialdian

Ekainaren 24an, Bizkaiko hiriburuan Bilbao Pride jaialdia ospatuko dute, eta Gaztea bertan izango da ondo pasatzeko asmoarekin. LGBT ikusgarritasunaren eta aniztasun sozialaren aldeko jaialdi soziokulturalaren barruan antolatutako ekimenen artean dago Ur Parade desfilea. Gazteak ontzi propioa aterako du Bilboko itsasadarreko uretan ibiltzeko, eta bertan izango da Yogurinha Borova aldarte ona pizteko. 20:00ak aldera, Ibon Fernandezek eta Ainhoa Etxebarriak ospakizunez betetako egunari amaiera emango dion kontzertua aurkeztuko dute.