Itxi

Eusko Label Liga: Donostiako Bandera

Eusko Label Liga: Donostiako Bandera

Eusko Label Liga: Donostiako Bandera

Eusko Label Liga

Donostiarrak Fabrika Bandera irabazi du, etxean, bigarren txandatik

EITB MEDIA

Zierbena, ohoreko txandako irabazlea, bigarren izan da, eta Urdaibai, bigarren txandako bigarrena, hirugarren. Ligako sailkapenean, Zierbena da liderra, Hondarribiaren aurretik.

1:10
Donostiarra

Donostiarrak Fabrika Bandera irabazi du Donostian larunbat honetan, 2023ko Eusko Label Ligako bigarren jardunaldian, Zierbenari bi segundoko aldearekin gailenduta. Hala ere, azken horiek jarraitzen dute Ligaren buruan.

Jardunaldiko lehen txandan Santurtzi, Cabo, Samertolameu eta Kaiku atera dira. Lau traineruak oso parekatuta hasi dira, euren artean ia denborarik gabe, baina lehenengo ziabogan galiziarrak atzean geratu dira eta Santurtzi bigarrenean trabatu da. Kaikurekin lehia luzea izan ondoren, Cabok bereganatu du txanda 20 minutu eta 32 segundoko denborarekin. Bigarren Kaiku izan da 9 segundora, hirugarren Santurtzi 40 segundora eta laugarren Samertolameu 50 segundora.

Bigarren txandan Donostiarra, Urdaibai, Lekittarra eta Ondarroa atera dira. Lehenengo biek lehia ona izan dute eta gipuzkoarrek olatu ona harrapatu dute abantaila hartu eta txanda gidatzeko. Donostiarra nagusitu da argi eta garbi, eta gainditu beharreko denbora egin du: 20 minutu eta 10 segundo. Urdaibaik bigarren bukatu du 5 segundora, Lekittarrak hirugarren 22 segundora eta Ondarroak laugarren 33 segundora.

Bukatzeko, ohorezko txanda Zierbenak, Galizian txapeldun atera zena, Oriok, Hondarribiak eta Getariak jokatu dute. Eguneko azken estropada tentsioarekin hasi da Zierbena eta Hondarribia artean, ia arraunak ukitu arte elkartu baitira. Baina dena abisu batean geratu da eta Zierbenak hartu du txanda 20 minutu eta 12 segundoko denborarekin. Hala ere, ez da nahikoa izan Donostiarraren denbora gainditzeko. Bigarren Hondarribia izan da 8 segundora, hirugarren Getaria 23 segundora eta laugarren Orio 34 segundora.

Beraz, Donostiarra nagusitu da etxean Fabrika Bandera irabazteko. Zierbena izan da bigarren 2 segundora, Urdaibai hirugarren 5 segundora eta Hondarribia laugarren 10 segundora.

Fabrika Banderako sailkapena

Fabrika banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Fabrika banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Sailkapen nagusian Zierbenak Eusko Label Ligako lidergoari eusten dio 23 punturekin. Hondarribia da bigarren 20 punturekin, Donostiarra (18 puntu) hirugarren, Urdaibai (18 puntu) laugarren eta Getaria (16 puntu) bosgarren. Beheko aldean, Samertolameu azken-aurrekoa da 5 punturekin eta Santurtzi azkena 3 punturekin.

Eusko Label Ligako sailkapena

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media