Itxi

Beste kirolak

ATLETISMOA

Asier Martinezek agur esan dio aurtengo denboraldiari

A. A. | EITB MEDIA

Hartara, atleta nafarrak ez du parte hartuko abuztuan, Budapesten, jokatuko den Munduko Txapelketan.

  • Asier Martinez, 110 metroko hesidun proban. Argazkia: EFE

    Asier Martinez, 110 metroko hesidun proban. Argazkia: EFE

Asier Martinez atleta nafarrak, 110 metroko hesidun proban jarduten duenak, aurtengo denboraldian gehiago lehiatzeari uko egitea erabaki du. Hala jakinarazi du ostegun honetan bere sare sozialetan argitaratutako ohar batean.

"Amorruz eta tristeziaz agur esan behar diot aurtengo denboraldiari", irakur daiteke Zizurrekoak plazaratutako aipatu oharrean. "Aurten behin eta berriro saiatu naiz, eta ez daukat nire buruari ezer leporatzerik", gaineratu du. Izan ere, lesionatuta eman du neguko zati handi bat, eta, besteak beste, martxoaren hasieran ezin izan zuen egon Istanbuleko pista estaliko Europako Txapelketan.

Orain, berriz, asteburu honetan jokatuko den Espainiako Txapelketaren atarian eta abuztuaren 19tik 27ra Budapesten (Hungaria) jokatuko den Europako Txapelketa iristeko hilabete eskas falta dela, aurtengo denboraldia bukatutzat jo duela iragarri du.

Horrenbestez, 2022. urtea zeharo oparo izan ostean (Europako Txapelketa irabazi zuen Munichen eta aurretik brontzea bereganatu zuen Oregonen (AEB) jokatutako Munduko Txapelketan), arazoz betetako 2023ko denboraldia bertan behera uztea erabaki du Martinezek, Parisko Olinpiar Jokoak jokatuko diren 2024ko urteari begira jartzeko. Izan ere, bere oharrari amaiera emateko mezu baikor bat zabaldu nahi izan du: "Hoberena, beste behin, iristear dago".