Itxi

Alaves

Mendizorrotzan, 19:00etan

Alaves, Valentziari irabaztera behartuta, Kopan aurrera jarraitu ahal izateko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mendizorrotzak epaile-lanak egingo ditu oso irekita dagoen kanporaketan. Etxekoek ez diete uko egingo dituzten aukerei, nahiz eta euren ardura nagusia Liga txapelketan egon.

Alavesek Valentziari irabazi behar dio gaur, Errege Kopako final-laurdenetako itzuliko partidan, txapelketa horretako hurrengo kanporaketara igaro nahi badu, valentziarrak 2-1 gailendu baitziren joaneko norgehiagokan.

Mendizorrotzak epaile-lanak egingo ditu oso irekia dagoen kanporaketan. Etxekoek ez diete uko egingo dituzten aukerei, nahiz eta euren ardura nagusia Liga txapelketan egon.

Joaneko eta itzuliko partidaren artean, babazorroek Leganesen bisita hartu zuten joan zen igandean Gasteizen, eta berdinketa besterik ez zuten lortu (2-2), bigarren zatiaren hastapenean 2-0 irabazten joan baziren ere.

Aipatu norgehiagokak ondorioak utzi ditu Abelardoren taldean, Rodrigo Elyk eta Tomas Pinak ezin izango baitute jokatu Ligako hurrengo neurketan, Bartzelonaren aurka, hain zuzen ere. Hori dela eta, litekeena da bi jokalari horiek hasierako hamaikakoan zelairatzea.

Bestalde, ezin izango dute Kopako partidan jardun lesionatuta dauden Manu Garciak, Hector Hernandezek eta Jorge Burguik, ezta joanekoan epaileak kalera bota zuen Adrian Dieguezek ere.

Valentziari dagokionez, Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak bueltan izango du azken jardunaldian zigorra bete behar izan zuen Dani Parejo, baita Valentziako jokoko sorkuntza-lanetan ezinbesteko lana egiten duen Gaya ere.

Asteburuko Madrilen kontrako Ligako lehiari begira Gabriel Paulista eta Ruben Vezo atzelariak zigortuta egongo direnez, litekeena da asteazkenean hasieratik aritzea baita zein bestea.

Aurreko lerroan, ostera, Gonçalo Guedesen, Simone Zazaren eta Luciano Viettoren parte-hartzea ia ziurra da.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Sivera; Alexis, Ely, Maripán, Duarte; Dani Torres, Pina; Hernán Pérez, Sobrino, Wakaso; eta Demirovic.

Valentzia: Jaume Doménech, Montoya, Vezo, Gabriel Paulista, Gayà; Parejo, Kondogbia, Andreas Pereira, Guedes; Vietto eta Zaza.

Epailea: Alfonso Javier Álvarez Izquierdo (Kataluniako batzordea).

Futbol-zelaia: Mendizorrotza.

Ordutegia: 19:00