Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek 1-3 galdu du Bartzelonaren kontra Mendizorrotzan

EITB Media

Arabako taldeak porrot egin du Barçaren aurka jokatutako EA Sports Ligako 23. jardunaldiko norgehiagokan. Lehen zatian golak sartzeko abaguneak izan ditu Alavesek, baina Kataluniako taldea eraginkorragoa izan da aurkariaren ate aurrean.

  • Alaves - Bartzelona

    Guridi (Alaves) eta Lewandowski (Bartzelona), lehian. Argazkia: EFE

Alavesek galdu egin du Bartzelonaren aurka, 1 eta 3, Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 23. jardunaldiko partida. Lehen zatian gola sartzeko abaguneak izan ditu Arabako taldeak, baina Bartzelona erangikorragoa izan da aurkariaren ate aurrean. Horrez gain, bigarren zatian nagusi izan da Kataluniako taldea.

Erasokor zelairatu da Alaves, eta atzean sartu du Bartzelona. Gasteizko taldeak lehen abisua eman du bigarren minutuan, baina Araujok eragotzi du Samu Omorodionek errematea egitea area barruan. Zortzi minutu geroago, Barçak eman du abisua, Araujoren bitartez, eta Rafa Marinek desbideratu du baloia.

Alaves izan da baloiaren jabe, aurkaria atzean sartuta egon da, eta Bartzelona Siverak babestutako atera gerturatu den bigarren aldian, 22. minutuan, gola sartu du; Lewandowski izan da golegilea (0-1), Gundoganen pasea jaso eta Siveraren aurrean baloia loratuta.

Norgehiagokako lehen gola sartu ostean, Barça izan da baloiaren jabe. Alavesi kosta egin zaio erasora jotzea, eta nahikoa lan izan du aurkariaren erasoko jokaldiak defendatzen. Hala ere, Luis Garcia Plazak zuzendutako mutilek ez dute etsi; hala, 36. minutuan, Iñaki Peña atezainak saihestu du babazorroen gola, Guridiren errematea desbideratuta. Gainera, atsedenaldira heldu aurretik, Omorodionen bolea kanpora joan da gutxigatik.

Atsedenaldiaren ostean, bigarren zatiko hirugarren minutuan, abagune argia izan du Alavesek, baina Luis Rojak alferrik galdu du lehia berdintzeko aukera, area barrutik egindako jaurtiketa kanpora botata. Gainera, hurrengo jokaldian, Bartzelonak bigarren gola markagailuratu du Gundoganen bidez (0-2); jokalari alemaniarrak boleaz errematatuta gainditu du Sivera.

Arabako taldeari maldan gora jarri zaio norgehiagoka, baina desabantaila murriztea lortu du aurkariaren bigarren gola hartu eta ia segidan; Solak erdiraketa egin, eta Samu Omorodionek Iñaki Peña gainditu du (1-2), buruz erremate bikaina eginda.

Pozak, ordea, ez dio asko iraun Gasteizko taldeari, 63. minutuan Vitor Roquek hirugarren gola sartu baitu Bartzelonarentzat (1-3), jaurtiketa gurutzatu batekin.

Ondoren, 71. minutuan, Kataluniako taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak Vitor Roque egotzi baitu Rafa Marini falta egin ostean bigarren txartel horia aterata.

Dena den, bat gehiagorekin egonda ere, etxeko taldea ez da gai izan gol aukera argirik sortzeko. Horrenbestez, Bartzelonak bereganatu du garaipena (1-3).

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Sivera; Tenaglia (Hagi, 77. min), Rafa Marin, Duarte, Javi Lopez; Guevara, Blanco (Benavidez, 77. min), Guridi (Abde, 64. min), Sola, Rioja (Simeone, 64. min) eta Samu Omorodion (Panichelli, 88. min).

3 - Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Araujo, Cubarsi (Iñigo Martinez, 83. min), Cancelo (Hector Fort, 45. min); Christensen (Oriol Romeu, 82. min), Frenkie de Jong, Gündogan (Vitor Roque, 59. min), Pedri (Fermin, 74. min), Lamine eta Lewandowski.

Golak: 0-1, 22. min, Lewandowski. 0-2, 49. min, Gündogan. 1-2, 51. min, Samu. 1-3, 63. min, Vitor Roque.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horia atera die Samu (12. min) eta Sola (97. min) Alaveseko jokalariei, eta Vitor Roque Barçako futbolaria egotzi du, bigarren txartel horia atera ostean (67. min eta 72. min).