Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Beste partida bati buelta eman dio Athleticek San Mamesen

Leire Etxazarra | eitb.com

Zuri-gorriak 2-1 gailendu dira Joaquin Caparrosen Levantaren aurka. Kanpotarrek lehen zati ona egin dute, baina 1 eta 0ekoari eusteko atzean sartu dira eta azkenean punturik gabe geratu dira.

3:27

San Mamesek Athleticen gotorlekua izaten jarraitzen du. Beste behingoz, bilbotarrak galtzen hasi dira, eta, beste behingoz ere, punturen bat salbatzea lortu dute.

Zuri-gorriek jokoaren kontrola izan dute lehen minutuetan, baina egoera horri ez diote etekin handirik atera. Are gehiago, lehen aukera garbia Levantek izan du, 8. minutuan, baina andaluziarren errematea Iraolak atera du ate azpitik.

Guillermo debutariak ere aukera pare bat izan ditu, garbiena ezkerretik egindako barnekaldi baten ondorioz, baina errematea Keylor Navas atezainaren gorputzera joan zaio.

Bilbotarren aukerarik argiena 28. minutuan izan da: Ibaik ezkerretik erdiratu du eta Susaetak kanpora jaurti du bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoenean. Ate osoa berarentzat izan du Athleticeko jokalariak.

Bost minutu geroago, 33.ean, iritsi da Joaquin Caparrosen taldearen gola: Xumetra eskumatik sartu da Oscar De Marcosen ahulaldia aprobetxatuta eta bere erdiraketa David Barralek birritan errematatu du. Lehenengoa Gorkak gelditu du, baina errebotea Barrali berari joan zaio eta hor ez du barkatu.

Bigarren zatian, Valverdek bi aldaketa egin ditu: Aduriz eta Mikel Rico sartu dira, Beñaten eta Muniainen ordez. Eta eraginkorrak izan dira. Levantek bigarrena egiteko aukera izan du Rubenen bidez, baina aukera gehienak Athleticek sortu ditu.

Aduriz, gola eta txartel gorria

61. minutuan Athletic berdinketa lortzear izan da, baina Aritz Adurizen burukadari erantzun paregabea eman dio Navas atezainak.

9 minutu geroago iritsi da zuri-gorrien gola: Levanteko atezainak ez du baloia behar bezala urrundu eta Mikel Ricok boleaz gola egin du.

Valverderenek ez zeuden konforme eta garaipenaren bila joan dira. Ahaleginak saria izan du 84. minutuan: Iturraspek erdiraketa bikaina egin du eta Aritz Adurizek sekulako gola sartu du buruz. Handik gutxira, aurrelari donostiarrari txartel gorria atera dio epaileak, aurkari bati heltzeagatik.

Azkenean, garaipena Athleticentzat izan da: urrezko hiru puntu zuri-gorrientzat.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, De Marcos; Iturraspe, Beñat (Rico, 46); Susaeta, Muniain (Aduriz, 46), Ibai Gómez; eta Guillermo (Toquero, 68).

1 - Levante: Keylor Navas; Pedro López, El Adoua, Héctor Rodas, Juanfran; Xumetra, Simao, Diop (Nong, 87), Ivanschitz (Nikos, 63); Rubén eta Barral (El Zhar, 76).

Golak: 0-1, 33. min: Barral. 1-1, 71 min.: Rico. 2-1, 83 min.: Aduriz.