Itxi

Athletic Club

1-1, Celtarekin

Athleticek, nahi eta ezin

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zuri-gorriek bana egin dute San Mamesen Celtaren aurka, gol-aukera ugari eta argiak izan dituzten arren. Epaileak baliorik gabe utzi du Adurizen gol bat, jokoz kanpo eztabaidagarria adierazita.

Athleticek puntu mingotsa lortu du etxean Celtarekin berdinduta, partida irabazteko guztia alde izan duenean. Valverderen taldeak aurreko partidetan baino itxura hobea eman du, baina huts egin dute norgehiagoka erabakita uzteko orduan.

Aurreko partidarekin alderatuta, Valverdek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan: Iraola eta Aduriz Beñaten eta Guillermoren ordez sartu ditu. De Marcos, aldiz, lekuz aldatu du, eta Biasterikoa neurketako protagonistetako bat izan da lehen 45 minutuetan.

Zuri-gorriak erasora atera dira lehen minututik eta galiziarrak euren zelaitik atera ezinda aritu dira. Lehen abisua 4. minutuan eman dute bizkaitarrek: De Marcosen erdiraketak ez du errematatzailerik izan.

Minutu bat geroago, epaileak penaltia adierazi du Athleticen alde: Susaetak eskumatik erdiratu du, De Marcosek buruarekin jo, eta baloiak Sergi Gomez atzelariaren besoan jo du. Adurizek jaurti eta sartu du penaltia. 1-0.

Bilbotarrek jo eta ke jarraitu dute erasoan eta 23. minutuan Aritz Aduriz bigarren gola egitear izan da, baina bere burukada bortitza Sergio atezainak atera du, bikain, eskua erabilita.

Lehen ordu erdia igaro eta zuri-gorriek indarra galdu dute. Celta egoera aprobetxatzen saiatu da, partida berdintzeko, eta arriskua sortu dute Iraizozen atearen inguruan. Nolitok eta Orellanak sortu dituzte aukera garbienak, baina, Athleticen mesederako, ez dute azken metroetan asmatu.

Jokoz kanpo eztabaidagarria

Bigarren zatia hasi eta berehala, jokaldi eztabaidagarria. Epaileak baliorik gabe utzi du Aritz Adurizek egindako gola, jokoz kanpo eztabaidagarria adierazita.

Donostiarrak arriskua sortu du, behin eta berriro, Celtaren arean. 66.ean izugarrizko aukera izan du bigarren gola egiteko, baina ez du baloia ate barruan sartzen asmatu, atearen aurrean bakar-bakarrik egonda. Iturrasperen erdiraketa bikaina izan da.

Baina, Athletic ez da partida erabakita uzteko gai izan, eta azkenean Celtak berdinketa lortu du, Nolitori esker, 73. minutuan.

Azkenean, banakoa San Mamesen. Hurrengo hitzordua Oporton dute Valverderen gizonek, asteartean, Txapeldunen Ligan.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola (Beñat, 78. min), Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Toquero, 81. min); Susaeta, De Marcos, Muniain (Ibai Gómez, 64. min); eta Aduriz.

1 - Celta: Sergio Álvarez; Hugo Mallo, Sergi Gómez, Cabral, Planas; Radoja, Krohn-Dehli (Pablo Hernández, 60. min), Alex López (Charles, 71. min); Orellana, Larrivey (Borja Fernández, 80. min) eta Nolito.

Golak: 1-0, Aduriz, penaltiz, 6. min. 1-1: Nolito, 73. min.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic