Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Egitekoak bete, eta garaipena lortu du Athleticek Almerian (0-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Ernesto Valverderen taldeak urrezko hiru puntu lortu ditu, Etxeitak bigarren zatian egindako golari esker.

Athleticek denboraldiko bigarren garaipena lortu du, Almeriari 0-1 gailenduta. Bi taldeek partida txarra jokatu dute.

Lehen zati kaskar eta aspergarria egin dute bi taldeek. Ezustekoak saihestu nahi izan dituzte, eta horrek eragin zuzena, kaltegarria, izan du jokoan.

Ondorioz, oso aukera gutxi izan dira, eta ez oso garbiak: Muniainek jaurtiketa-erdiraketa bat egin du 8. minutuan, baina baloia kanpora atera da. 20.ean, Thomas urrutitik saiatu da, zorterik gabe, eta atsedenaldiaren atarian Edgarrek ere aukera izan du, baina Iraizoz ondo atera da, eta gorputzarekin Almeriako jokalariaren jaurtiketa eragotzi du.

Zuri-gorriek baloi asko eta errazak galdu dituzte, etengabe. Oscar De Marcosen saiakerak izan dira Athleticen jokoari bizitasun apur bat eman dioten bakarrak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Adurizek gola egiteko aukera izan du, baina behartuta jaurti du, eta baloia gora joan zaio.

Taldeari bizitasuna falta zitzaion, eta Valverdek Iraola sartu du zelaian, Beñaten ordez.

Handik gutxira iritsi da zuri-gorrien gola: Iraolak kornerra atera du eta Etxeitak hanka sartu eta baloia ukitzea lortu du, Rubeni aurrea hartuta. Baloia etxekoen atean sartu da, astiro-astiro. 0-1.

Estu eta larri, azken minutuetan

Partidaren azken zatia oso luze joan da bilbotarrentzat, Almeriak aukerak izan baititu neurketa berdintzeko; argiena, 80. minutuan. Zuri-gorrien defentsak huts nabarmena egin du, eta baloia Thievyri iritsi zaio. Bere jaurtiketak langan jo du.

Valverdek Bustinza atera du zelaira, gaztearen lehen partida izan da Athleticekin.

87. minutuan, Soriano Iraizozen arean erori da, eta etxekoek penaltia eskatu dute, baina epaileak ez du ezertxo ere adierazi, eta horrek zaleen haserrea eragin du.

Bukaeran, 0-1, urrezko hiru puntu Athleticentzat.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic