Itxi

Athletic Club

Adierazpenak

Valverde: 'Txapeldunen Ligan egoteko, hobeto jokatu behar dugu'

Erredakzioa

Porto talde zuri-gorria baino hobea izan dela onartu dute Athleticeko entrenatzaileak eta Julen Lopetegik. Athetici hirugarren izatea geratzen zaio, Europa Liga jokatzeko.

0:00

Ernesto Valverdek Porto Athletic baino "askoz hobea" izan dela onartu du, "fisikoki zein teknikoki". Athleticek "Txapeldunen Liga jokatu nahi badu, hobeto jokatu behar du", gaineratu du.

"Hau ikasgai moduan erabili behar dugu. Aurkariak jokalari azkarrak, indartsuak eta teknikoak izan arren, hobeto lehiatu behar dugu. Hori errealitate bat da. Gure mugak kontuan izanda, partida hauek beste modu batez jokatu behar dira lehia zuzenetan, bigarren jokaldietan, lehiakortasunean... Hor pauso bat eman behar dugu aurrera", esan du Valverdek.

Athleticeko entrenatzailearen ustez, bere jokalariak "oso deseroso" egon dira zelaian, "luze jokatzera" behartu dituen aurkari baten aurrean. Gainera, Jackson Martinezi bidalitako baloiek ere asko sufriarazi dituzte atzelariak.

"Ez dut uste jokalariak hirugaren postua lortzeko motibatzea zaila denik. Txapeldunen Ligak gauza hauek ditu. Oso talde onen kontra jokatzen duzu, itxaropenak izaten dituzu eta batzuetan etsipena izaten da", esan du Valverdek.

Julen Lopetegi Porto taldeko entrenatzailearen arabera, bere taldea Athletic baino "askoz hobea" izan da San Mamesen. "Taldeak nortasun handia izan du jokoa ulertzeko, ordenaz eta kontzentratuta defendatzeko eta asmo handiz erasotzeko", esan du euskal entrenatzaileak.