Itxi

Athletic Club

Garaipena

Getaferi irabazi eta bolada onean jarraitzen du Athleticek (1-2)

Erredakzioa

Valverederen taldeak sufritu egin du azken minutuetan baina hiru puntuak eskuratu ditu San Josek eta Beñatek egindako golei esker. Lafitak madrildarren gola egin du, luzapenean.

Athleticek beste garaipen bat erdietsi du, sufrituta, hori bai, eta dagoeneko sei partida daramatza porrotik jaso gabe (lau garaipena eta bi berdinketa). Azken 18 puntuetatik 14 lortu dituzte bilbotarrek.

Lehen zatian jaun eta jabe izan da Athletic. Bilbotarrak bikain aritu dira defentsan, eta baloiaren jabetza errekuperatzeko garaian. Ondorioz, Getafek arrisku oso gutxi sortu du Iraizozen arean.

Hala ere, ez da gol aukera argirik izan. Athleticek erraz egin du gora, baina azken metroetan asmatzea falta izan zaio.

Beñat eta Aduriz saiatu dira, baina gola Mikel San Josek egin du. Igorrekoaren erdiraketa buruz jo eta baloia Guaitaren atean sartu du.

getafe athletic gol San José efe

Atsedenaldiaren ostean, Baba Diawara berdinketa lortzear izan da, baina Iraizozek erantzun bikaina eman dio, gola galarazita.

Athletic erdi lo egon da momentu horretan, kontraerasoan ateratzeko aukeraren zain. Orduan Contrak Pedro Leon atera du zelaira, azken partida jokatu zuenetik ia sei hilabete pasa direnean.

20 minutu eskas eman ditu zelaian, baina buruko min bat baino gehiago sortu du Athleticen atzeko aldean.

Hala ere, Leon ez da nahikoa izan Getafek markagailua iraultzeko. Lehen zatian egindako joko negargarriak min handia egin die madrildarrei.

Beñaten gola eta azken minutu zoroak

Athleticek, aldiz, bigarren gola egin du, momenturik egokienean, Beñaten bidez. 89. Minutuan egin du gola Igorrekoak. Hala ere, minutu bat geroago Lafitak aldea murriztu du eta urduritasuna izan da nagusi partidaren amaieran.

Azken minutu zoro horietan, Contraren taldea berdinketa lortzear izan da, baina Velazquezen erremateario erantzun ona eman dio Iraizozek. Azkenean, bilbotarren garaipena. Txapeldunen Ligan lortutako garaipenaren ostean, San Joseren eta Beñaten golek amaiera bikaina eman diote bizkaitarren asteari.

Fitxa teknikoa:

1.- Getafe: Guaita; Arroyo, Naldo, Velázquez, Escudero; Lacen, Míchel; Sarabia, Sammir (Lafita, min. 53), Diego Castro eta Babá (Pedro León, min. 71)

2.- Athletic: Iraizoz; De Marcos, San José, Laporte, Balenziaga; Mikel Rico (Gurpegui, min. 72), Iturraspe; Beñat (Moran, min, 90), Unai López (Ibai, min. 66), Muniain; eta Aduriz.

Golak: 0-1, min. 36: San José; 0-2, min. 89: Beñat; 1-2, min. 90: Lafita.