Itxi

Athletic Club

17. jardunaldia

Irudi kaskarra eskaini du Athleticek Riazorren (1-0)

Erredakzioa

Joko eskasa egin dute zuri-gorriek lehen zatian, eta bigarrenean, hobetu arren, ez dira berdinketaren gola egiteko gai izan.

1:10

Athleticek porrotarekin eman dio hasiera 2015. urteari. Riazorren jokatutako partidan, Deportivo nagusitu da (1-0).

Zuri-gorriek irudi kaskarra eskaini dute lehen zatian. Aurreneko minutuetan nahiko galduta ibili dira talde bietako defentsak, eta horrek gol-aukera ugari eragin ditu. Tochek Iraizoz gainditu du 4. minutuan, baina epailearen ustez, jokoz kanpo zegoen. Zalantzazkoa. Etxekoek baloiaren-jabetza eskuratu dute minutuek aurrera egin ahala, baina, hala ere, markagailua estreinatzeko pare bat aukera izan du Valverderen taldeak.

Borja Viguera izan da jokaldi bietan protagonista. 13. minutuan kale egin du, Fabricioren aurrean, baina Undiano Mallencok jokoz kanpo adierazi du. Hiru minutu geroago, 1-0ekoa egiteko urrezko abagunea izan du errioxarrak, baina ezin izan dio Ibairen erdiraketari amaiera ona eman.

Hori izan da aurreneko 45 minutuetan Athleticek egindako guztia. Ondoren, 23.ean, Deporren gola egin du Cavaleirok. Bilbotarrak suspertzen ahalegindu dira, baina ez dira arriskuko jokaldiak eratzeko gai izan. Tochek erabat erotu ditu atzelari zuri-gorriak.

Athletic aurpegi berriarekin zelairatu da bigarren zatian (Beñat Susaetaren ordez sartu da). Talde bilbotarra norgehiagokan sartu da, baina distirarik eta argitasunik gabe. 60. minutuan, berdinketarena egiteko aukera izan du Ibai Gomezek, baina bere jaurtiketak aurkari batek aldaratu du. 74.ean, Unai Lopezen ordez zelairatu da Iñaki Williams.

Victor Fernandezen taldeak errentari eustea zuen helburu, eta Athleticek, bitartean, banakoarena sartzea. Amaierarako hamar minuturen faltan, lortzeko zorian izan da De Marcos. Balenziagak bigarren zutoinera erdiratu du, eta arabarrak gaizki errematatu du. 87.ean buruz erematatu du Williamsek Beñatek ateratako falta, baina gora joan zaio. Jarraian Balenziaga saiatu da, baina haren burukada indarrik gabekoa izan da eta Fabriciok baloia harrapatu du. Luzapenean, guxigatik ez du Postigak 2-0ekoa egin.

Fitxa teknikoa:

1 - Deportivo: Fabricio; Juanfran, Lopo, Insua, Luisinho; Alex Bergantiños, Juan Dominguez; Jose Rodriguez, Fariña (Cuenca, 35'), Cavaleiro (Wilk, 89'); eta Toche (Helder Postiga, 71').

0 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico (Beñat, 67'); Susaeta (Iraola, 46'), Unai Lopez (Iñaki Williams, 74'), Ibai; eta Viguera.

Gola:

1-0, 24': Cavaleiro.

 

rong>