Itxi

Athletic Club

Partida, igande honetan

Athleticek garaipena lortu du San Mamesen Getaferen azken bi bisitetan

Agentziak | Erredakzioa

Valverderen gizonek Madrilgo taldea jasoko dute igandean, 16:00etan; Bilbon apirilean jokatu zuten elkarren aurka azken aldiz, eta zuri-gorriek 4-0 irabazi zuten partida hura.

  • Susaeta eta Herrera, 2013-14 denboraldiko gola ospatzen, artxiboko irudian (EFE).

    Susaeta eta Herrera, 2013-14 denboraldiko gola ospatzen, artxiboko irudian (EFE).

Athletic denboraldiko lehen puntuak lortzen saiatuko da igandean San Mamesen, Getaferen aurkako partidan (16:00etan hasiko da). Hori erdiesteko, zuri-gorriek jarraipena eman beharko diete Madrilgo taldearen kontra azken bi denboraldietan lortutako garaipenei.

Getafek ez du golik sartu, ezta punturik atera ere, Bilboko futbol-zelai berrian; izan ere, 1-0 galdu zuen 2013-14 denboraldian (Susaetak sartu zuen gola) eta 4-0 gailendu zitzaion Athletic aurreko denboraldian (Adurizek bi gol egin zituen, horietako bat penaltiz, eta bana egin zuten Susaetak eta Ibai Gomezek).

San Mames zaharrean, talde bilbotarrak beste lau garaipen erdietsi zituen Getaferen aurka: 2005-06an, 1-0 (Orbaiz, penaltiz); 2006-07an, 2-0 (Adurizek sartu zituen bi golak); 2007-08an, 1-0 (Etxeberria); eta 2010-11n, 3-0 (Iraola, San Jose, penaltiz, eta Gabilondo).

Jokatutako gainerako bost partidatan, Getafek puntuak urratzea lortu zuen: hiru aldiz irabazi zuen (2004-05ean eta 2012-13an, 1-2, eta 2008-09an 0-1) eta berdinketa lortu zuen beste bitan (2009-10ean, 2-2, eta 2011-12an, 0-0).